BAIONA - Baionako Udalak eta Akademiak lankidetza-hitzarmen historikoa izenpetu zuten atzo Baionako Herriko Etxean. Jean-René Etchegaray Baionako auzapezak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu zuten dokumentua.
Akordioan jasotzen den legez, 2016 honetan, Euskaltzaindiak ondoko lanak hartu ditu bere gain: Baionako Herriko Etxeari eta biztanleei lagun-tza eta aholku ematea, euskararen normalizazioan, garapenean eta gizarteratzean; Herriko Etxeak eska-tzen dion hizkuntza aholkularitza ematea, bereziki toponimoen hizkun-tza egokitasunari dagokionez; eta euskararen estatusari buruzko aholkularitza eta lanak egitea, bereziki jardunaldiak, bilkurak, aurkezpenak eta abar, euskararen aurrerapenerako xedea aintzat harturik.
Hauek dira 2016. urtean hitzarmenak ahalbidetu dituen egitasmoak: Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren aurkezpena (gaur eginen da); Erlea literatura aldizkariaren aurkezpena; XXI. Jagon Jardunaldia; eta Euskaltzaindiaren Hiztegi berriaren aurkezpena (abenduaren 15ean egingo dena, Baionan bertan).
Bere aldetik, Baionako Herriko Etxeak onartzen dio Akademiari euskararen araugintzan eta normalizazioan egiten duen lana, erakunde gisa “erreferentziazkoa” dela aitor-tzen duen heinean. Zentzu horretan, Jean-René Etchegaray Baionako auzapezak ondorengoa esan zuen atzoko agerpen publikoan: “Erakunde aholku emaile ofiziala da Euskaltzaindia. Bere gain hartzen du euskararen zaintzea eta sustatzea, hizkuntzaren normalizazioa eta batasuna indartzea, euskararen erabilera sustatzea eta bere eskubideak kontuan hartuak izan daitezen zaintzen du. Beraz, normala da Akademia eta Herriko Etxearen arteko elkarlana bideratzea”.
Akordioari buruz esan zuen “euskararen sostengua” ziurtatzeko prest dagoela Baionako Herriko Etxea, eta ez bakarrik euskarari: “euskal kulturari eta okzitanierari lekua egingo diegu, hirian kultura aniztasuna bultzatuz”. Horretaz gain, aipatu zuen, urtarriletik aurrera sortuko den Euskal Elkargoak euskara bultzatzeko asmoa daukala, eta horretara bideratzen den aurrekontuak gora egingo duela, nabarmen (%7tik %25era).
Atzoko hitzarmen historikoaren garrantzia nabarmendu zuen Urrutiak, “Herriko Etxearen gogo eta nahiari esker egin dena”. “Aurreran-tzean, garatuko ditugu hainbat ekin-tza eta ekitaldi Baionan, Hego eta Ipar Euskal Herria kontuan izanik, azken 100 urtetan egin dugun bezala. Jarraituko dugu lanean, guztion laguntzaz, hain zuzen, erakunde eta herri-eragileen sostenguarekin”, gaineratu zuen.
Xarles Videgain euskaltzainak ere hitz egin zuen atzoko aurkezpenean. “Aurrerantzean eta akordio honen bitartez, helburu jakin batzuk bete nahi ditugu: euskararen lanari ikusgarritasuna eman; Akademiaren Hiztegia, euskarazko literatura eta ahozkotasuna bultzatu Baionan; eta, bide batez, euskararen estatusa zaindu sortuko den Euskal Elkargoan, Baionako Herriko Etxearen lagun-tzaz”, adierazi zuen.