DONOSTIA. Aitziber Lopez de Aretxaga Aranzadi ikastolako presidenteak, Ane Barruso zuzendariak eta Igor Elortza, Arantxa Manterola eta Nekane Artola antolatzaileek xehetasunen eta antolakuntza lanen berri eman diete Markel Olano diputatu nagusiari eta Mikel Irizar

Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariari, festarako gonbidapena luzatzeaz gain. Olanok, berriz, babes eta atxikimendu osoa adierazi dizkio euskararen eta ikastolen aldeko ekimenari, eta bat egin du jaiak duen helburu sozialarekin.

Aurten, aniztasunari garrantzi berezia eman diote antolatzaileek. Azken urtean zehar eta jaian bertan, erronkatzat hartu dute ikastolako 712 ikasleengan eta haien familiengan dauden "adimen, adin, pentsaera, sentimendu, joera, jatorri, hizkuntza, gaitasun desberdin horiek guztiak batzea eta elkarrekin lanean jartzea kilometroen, euskararen eta ikastolen mesedetan".

Halaber, aurreko festetan jarritako helburuei ere jarraipena emango diete: jasangarritasuna eta parekidetasuna, esaterako.

Gipuzkoako diputatu nagusiak dei egin die gipuzkoarrei Kilometroak 2016 jaialdian zein jaialdiari lotuta antolatzen ari diren ekimenetan parte hartzeko, eta euskararen eta aniztasunaren alde "egunero" dihardutenen lana goraipatu du. "Egun handia eta polita izango da, eta gipuzkoar eta euskaldun guztiak animatu nahiko nituzke euren ekarpena egitera", nabarmendu du.