Baiona - Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako gazteei lanbide heziketa euskaraz eskaintzea da aurtengo Herri Urrats jaiaren helburu nagusia. Mende erdian mota askotako erronkei aurre egin die Seaskak, Ipar Euskal Herriko ikastolak biltzen dituen federazioak. Euskarazko murgiltze eredua sortu eta hedatu dute, eta gisa horretan Bernat Etxepare idazle garaztarraren hizkuntza sustatzen duen eragile nagusienetakoa bilakatu dira ikastolak Iparraldean. Egunotan, euskaltzaleak lanean ari dira Senpereko aintzira prestatzen Herri Urrats bestaren hogeita hamahirugarren edizioa behar den bezala ospatzeko, maiatzaren 8an.
Aurtengo jaiaren irabaziak Baionako Bernat Etxepare ikastegiari emango dizkiote, eraikin berria eraikitzeko, Lapurdiko hiriburuan. Eraikin berri horretan Seaska federazioaren lehen lanbide heziketa zentroa zabalduko da. Hamar milioi euroko inbertsioa egingo dute sei mila metro karratuko eraikina eraikitzeko, Baiona iparrean. Akitaniako lurralde gobernuak zazpi milioi ordainduko ditu eta gainerako guztia euskaltzaleek ekarri beharko dute. 400 ikasle hartu ahal izanen dituzte Bernat Etxepare ikastetxe berrian. Aurtengo leloa Jalgi izango da, Etxeparek berak idatzi zuen Euskara, jalgi hadi kanpora eta mundura esaldi ospe-tsuari oihartzuna egiteko.
senpereko aintzira 2zio rap taldeak, DJ Balpores, Oreka Tx, Zarena Zarelako dantza konpainia, H Eden, Autobus Magikoa, Bosniako Dubioza Kolektiv, Okzitaniako Goulamas’K, Irrien Lagunak eta Esne Beltza taldeek alaituko dituzte ain-tziraren bazterrak. Azken talde honek moldatu du aurtengo kantua, Jon Garmendia Txuriyak egin duen testuarekin. Esne Beltza taldeak Baionan grabatu duen bideoklipa sarean ikus daiteke jadanik.
Bestalde, Seaskako ikasle ohiek bertso saioa eskainiko dute Lapurdi gunean goizeko hamaiketan: Ortzi Idoate, Maddi Sarasua, Aitor Servier, Aimar Karrika eta Miren Artetxe, gai emailea Xan Alkhat izango delarik.
lege babesik ez Seaskako ikastolek etengabeko garapena dute, eta jadanik 3.500 ikasle baino gehiago biltzen dituzte Ipar Euskal Herri osoko hogeita hamabi ikastegietan. Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako haurren %10 inguruk Seaskaren ikastoletan ikasten dute. Joan den irailean, hiru ikastola berri zabaldu zituzten Azkarate, Basusarri eta Biriatun; eta 2017an lizeo profesionala sortzeaz gain, jantegia eta barnetegia bilduko dituen eraikuntza sortuko dute Iparraldeko euskaltzaleek.
Bernat Etxepare Baionako lizeoa Frantziako estatuko hoberena dela ondorioztatu du bertako Hezkun-tza Sailak egindako sailkapenak. Parisko hedabideek oihartzun zabala eman diote albisteari eta azpimarratu dute iazko ekainean ikasle guztiek gainditu zutela unibertsitatera sartzeko azterketa.
Xole Mariluz ekonomia irakasleak pozik hartu zuen albistea, lan jarraikia eta estua egiten baitute ikasle, irakasle eta gurasoen artean. Ikasle taldeak txikiak izateak emaitza onak lor-tzen laguntzen duela diote Seaskan. Dena den, aho batez kritikatzen dute sailkapenak ez duela inoiz zehazten Etxepare D ereduan ari dela eta bertako ikasleek ezin dutela baxoa euskaraz egin. Izan ere, matematika eta historia-geografia izan ezik, gainontzeko ikasgai guztiak frantsesez egin behar dituzte ikastolako ikasleek, hau da, Frantziako Errepublikako hizkuntza ofizial bakarrean.
Zailtasunak izan arren, ia urtero ikasle guztiek gainditzen dute Iparraldeko selektibitatea. Baxoa euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzen dute maiz Etxepare ikastegiko 80 ikasleek. Paxkal Indo Seaskako presidenteak dio sailkapenak ez duela balio handirik eta hori ikastetxe ba-tzuen mesedetan egiten dela. Gainera, Indoren arabera sailkapenak ez du berritasun handirik ekartzen, jakina baita Etxepare eta Bretainiako Diwan lizeoak dauzkatela emaitza hoberenak azken urteetan.
Euskarak ez du oraindik inolako lege-babesik Iparraldean eta hiztunak galtzen segitzen du. Azken ikerketa soziolinguistikoaren arabera, Iparraldean bizi diren 300.000 biztanleen artean laurden batek menperatzen du Xalbadorren hizkuntza eta gazteen artean gero eta euskaradun gehiago daude ikastola eta eskola elebidunei esker.