BILBO. Hauek eta bestelako datuak bildu dira EAEko Osasun Ikuspegian. Bertan, besteak beste, osasunaren determinatzaileak, antzemandako osasun egoera, osasun asistentzia, gastuak eta nazioarteko konparazio bat agertzen dira.
Adierazle demografikoek ditoe nolakoa izango den osasun arretaren eskaria, potentziala eta etorkizunekoa. Horrela, EAEko 65 urte eta gehiagoko biztanleria (%20,2) 28-EBko (%18,2) handienen artean dago, eta haur proportzioa baxuenen artean (EAEn %13,8 eta 28-EBn %15,6). Hilkortasun tasa milako 8,69 pertsonakoa da (28-EBn milako 10,3 lagun), Frantzia, Suitza eta Espainiakoen antzekoa, eta hauek taulako onenetakoak dira.
EAEn eta 28-EBn zirkulazio aparatuko gaixotasunak eta tumoreak dira heriotza kausarik sarrienak, baina EAEn tumoreak daude lehenik eta Europan zirkulaziokoak. Biztanleria zahartzen ari denez, asaldu mentalak eta Alzheimerra goraka doaz.
Osasun jokaeren artean, ariketa fisiko osasungarrian aritzen direnak goraka doaz, bai eta tabakoa uzten dutenak ere. Edaten duten emakumeak goraka doaz (%14,5), eta obesitateak 65 urte eta gehiagokoen ia %20ri eragiten die.
Euskal biztanleek osasun ona dutela diote, eta "zoriontasuna eta osasuna" adierazleak "ongi" nota lortzen du, 1etik 10era 7,5 puntu; adierazle honek antzemandako osasun egoera eta bizitzarekiko eta diru sarrerekiko asetasuna erlazionatzen ditu Gizarte Kapitalaren Inkestan. Profesional baloratuenak medikuak dira.
Depresioaren eta hersturaren prebalentziak txarrera ekin du, batez ere emakumeen artean (%24), eta gaixotasun kronikoren bat (hipertentsioa, kolesterol altua, artrosia) biztanleek ia erdiak du: gizonen %45ek eta emakumeen %47k; 65 urte eta gehiagokoen arteko %80 pasak. Osasun langileen %71 ospitaleetan ari da, %23 kontsulta mediko eta odontologikoetan, eta %6 osasun beste jardueretan. Denen arteko %75 emakumeak dira.
Azkenik, biztanleko osasun gastua (erosteko ahalmenaren parekotasunean) 3.695 dolarrekoa da, Erresuma Batua (3.405), Finlandia (3.374) eta Espainiaren (3.072) gainetik. Sailkapen buru Norvegia (5.669) eta Suitza (5.643) dira. BPGren portzentajean, 2011n, %8,8 izan zen EAEn, inguruko nazioen azpitik.