Osakidetzak gripearen eta covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina jarri du martxan du astelehen honetan Euskadiko osasun zentroetan arrisku taldeentzat eta 60 urtetik gorakoentzat, eta joan den ostegunean zita eskatzeko kanalak ireki zirenetik, 38.626 pertsonari eman die hitzordua guztira; horietatik 1.500 haurrak dira, eta 80 urtetik gorakoak 14.407.
Lurraldeka, 4.169 zita eman dira Araban (277 haur eta 80 urtetik gorako 1.165), 20.970 Bizkaian (1.064 haur eta 80 urtetik gorako 7.914) eta 13.487 Gipuzkoan (233 haur eta 80 urtetik gorako 5.328), Osakidetzak astelehen honetan emandako datuen arabera.
Iaz bezala, Osakidetza aukera ematen ari da arrisku taldeetako herritarrei gripearen eta covid-19aren aurkako txertoak aldi berean hartzeko. Gainerako herritarrek gripearen aurkako txertoa jarri ahal izango dute azaroaren 4tik aurrera.
Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dute txertaketa dela gripeari eta covid-19ari aurrea hartzeko tresnarik onena, eta, horregatik, herritarrak bere burua babestera animatu dituzte, bereziki pertsona zaurgarrienak. Eraginkortasun frogatuko neurria da txertoa, eta gaixotzeko probabilitatea murriztea, sintomen garrantzia mugatzea eta konplikazio posibleak prebenitzea ahalbidetzen du.
60 urte edo gehiagokoek, patologia kronikoren bat dutenek (biriketakoa, bihotzekoa, diabetesa eta abar), haurdun dauden emakumeek, osasun profesionalek, gizarte zerbitzuetako langileek eta familietako zaintzaileek, eta adinekoen egoitzetan bizi direnek (hasi da jada txertaketa) osatzen dituzte arrisku taldeak.
Gainera, bigarren urtez jarraian, Osakidetzak sistematikoki emango die gripearen aurkako txertoa sei hilabete eta bost urte arteko haurrei, txerto hori sartu baitu adin tarte horretako haurren txertaketa egutegian. Arrisku egoeran dauden bost urtetik gorako pertsonei ere emango zaie txertoa. Gainera, bi eta bost urte arteko haurrei sudurretik ematen den txertoa jarriko diete, ziztada saihesteko, eta, beraz, atxikimendu handiagoa espero da.