Osakidetzak pertsona guztien autozaintza bultzatzen jarraitzen du, xehetasun txikitatik. Horregatik, herritar guztiek eskura dute bihotza zaintzeko zenbait gomendiori buruzko dekalogoa.

Lehen gomendioa erretzeari uztea da. Erretzeari uztea da" neurririk eraginkorrena" pertsona batek arrisku kardiobaskularra murriztu eta, ondorioz, osasuna hobetzeko. Gaixotasun kardiobaskularrerako arriskua berehala txikiagotzen da, tabakoa uzten denetik. "Tabakoak mendekotasuna sortzen du. Beharbada saiatu zara aurretik ere uzten eta ez duzu lortu. Tabakoa profesional batek lagunduta eta, batzuetan, farmakoek lagunduta uzten saiatzen bazara, beharbada areagotu egingo da behin betiko uzten lortzeko probabilitatea. Beti da berriro uzten saiatzeko une egokia", azaltzen du.

Ariketa fisikoa ere nabarmentzen du Osakidetzak.

"Bizitza sedentarioa izateak eta ariketa gutxi egiteak areagotu egiten du gaixotasun kardiobaskularra jasateko arriskua. Egiten den edozein ariketa ezer ez egitea baino hobea da. Uste da nabarmen onuragarria izaten hasten dela jarduera fisikoa, besteak beste paseoa, 30 minutuz egiten denean, eta bereziki egun gehienetan egiten bada (gutxienez hiru egun astean)". Ahal dela, komeni da ariketa ez oso bizia egitea (arnasketarik eza ez eragitea), 20 minutu eta ordubete bitartekoa, gutxienez 3 eta 5 egun bitartean astean. "Ariketa moderatutzat jotzen da nekea sentiarazten dizuna baina arnasketa eteten ez dizuna, eta hitz egiteko aukera uzten dizuna, esaterako, paseo azkarrak, igeriketa edo bizikleta. Ariketa oso indartsuak, batik bat entrenamendurik ez baduzu eta normalean egiten ez badituzu, kaltegarriak izan daitezke osasunerako".

Elikadurari dagokionez, hau azaltzen du: Gehiegizko pisua edo obesitatea baduzu, dietari eta egiten diozun ariketari erreparatu. Pisua % 10 jaistea lortzen baduzu, gaixotasun kardiobaskular larria izateko probabilitatea % 20 murrizten da hurrengo urteetarako. Horren motibo nagusia da gorputzeko gantza murriztean ateroma-plaken garapena ere murrizten dela eta, horrela, tentsio arteriala hobetu eta odoleko gantza ere gutxitzen dela (kolesterola eta triglizeridoak). Diabetesa duten pertsonetan azukrea hobetzea ere lortzen du. Kontuan izan gehiegizko pisua murrizteak diabeteserako joera duten pertsona batzuetan geroago agertzea edo desagertzea ekar dezakeela.