Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Euskadiko nekazaritza sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatuak sortzeko, egokitzeko edo hornitzeko laguntzen deialdia onartu du astearte honetan. Deialdiak 40.000 euroko zuzkidura du 2026ko ekitaldirako eta euskal landa eremuan jarduten duten sasoikako langileen bizi eta lan baldintzak hobetzeko Jaurlaritzak duen estrategiaren barruan kokatzen da.
Jaurlaritzaren arabera, ostatuak eraikitzeko, erosteko, birgaitzeko, berritzeko edo egokitzeko erabiliko dira laguntzak, baita bizigarritasun baldintza egokiak bermatzeko beharrezko altzariak eta ekipamendua erosteko ere. Era berean, proiektu horiei lotutako gastu teknikoak ere diruz lagundu ahal izango dira.
Nekazaritza ustiategien titularrei nahiz sektoreari lotutako erakunde publiko eta pribatuei zuzenduta dago deialdeia, eta Euskadin erabilgarri dauden ostatuen sarea handitzea eta hobetzea du helburu. Eraikinak eraikitzeko edo erosteko proiektuek gehienez 20.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute.
Neurri honek jarraipena ematen dio Eusko Jaurlaritzak Sasoikako Nekazaritza Lanari Arreta Emateko Plan Integralen esparruan egindako lanari. Plan horien helburua da ostatu duinak bermatzea, sasoikako langileen gizarteratzea sustatzea eta arlo honetan eskatzen diren kalitate estandarrak betetzen direla ziurtatzea.
Proiektuak baloratzerakoan kontuan hartuko dira, besteak beste, ostatuaren kokapena, inguruko beharrak, eskaintzen diren plazakopurua eta Nekazaritzako Sasoikako Langileen Programan parte hartzea. Landa eremuetan ostatu eskaintza handitzen laguntzen duten eta kanpaina bakoitzean euskal nekazaritzaren jarduera sostengatzen duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen duten jarduketek izango dute lehentasuna.