Maria Ubarretxenak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua, ETB1-eko Egun on Euskadi saioan egindako elkarrizketan berretsi egin du “uztailean Estatuko presidentearekin adostutako bost eskumenak, urtarrilaren 16an berme guztiekin bete behar dira, eta azken egunetan zenbait aurrerapauso garrantzitsuak eman badira ere, oraindik ez direla nahikoak”.

Ubarretxenak azpimarratu du urte hasierako egun hauetan Eusko Jaurlaritza lanean egon dela, baina “oztopo nagusia Estatuaren gizarte segurantzaren inguruko beldurra da, Euskadi hauek bereganatzen lehen erkidegoa izango da, baina itxaropena badugu datorren astean akordioa sinatuko dela”. Sailburuak ere gogorarazi nahi izan du, bost eskumen hauek orain bete edo ez, urtarrilaren amaieran akordio orokorraren balorazioa egingo dela.

Hasi berri den urtera begira, Ubarretxenak Eusko Jaurlaritzaren erronkei buruz, eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailaren helburuei buruz ere mintzatu da. “Jaurlaritzak biztanleriak duen erronkei aurre egingo dio, etxebizitza, osasuna… eta Euskadi prestatzea datozen hamarkadetarako tresna berriekin. Sailari dagokionez, Administrazioa arintzea eta herritarrekin dagoen harremana erraztea dira helburu nagusiak, administrazioaren makinaria ondo mantentzea”.

Gaur egungo Venezuelaren egoerari buruz galdetuta, “ez Nazio Batuen gutuna, ez nazioarteko zuzenbidea ez dira errespetatu, eta egoera kezkaz bizi dugu, Eusko Jaurlaritza Euskal diasporarekin harremanetan dago. Eta beste batzuetan esan dugun bezala Europaren erantzuna bateratua izan behar du ezegonkortasun honen aurrean”.

Azkenik, euskararen judizializazioaren harira, “orain zalantzan jartzea dagoeneko bi aldiz Auzitegi Konstituzionaletik pasa den gaia kezkagarria da, eta euskal gizartean dugun adostasuna zalantzan jartzen du ere. Euskara, gaztelera bezala, hizkuntza ofiziala da eta legeak esaten duen bezala, euskal gizarteak badu Administrazioarekin duen harremana euskaraz izateko eskubidea.”