Imanol Pradales Lehendakariak Elkar Ulertzeko Memoranduma (MoU) berritu du gaur goizean Galesko lehen ministro Eluned Morganekin, Gasteizko Ajuria Enea Jauregian egindako harrera ofizialean. Memoranduma Galesko agintariak Euskadira egindako bisita instituzionalaren esparruan sinatu da, eta jarraitutasuna ematen dio 2018an lehen aldiz sinatutako eta 2021ean luzatutako akordioari, nazioarteko testuinguruko egungo erronka politiko, ekonomiko eta sozialetara egokitzeko.
Akordioak partekatutako balio batzuetan (hala nola demokrazian, gizarte-kohesioan, giza garapen jasangarrian, kultura- eta hizkuntza-identitate propioan eta autogobernu handiagoaren aldeko apustuan) oinarritutako aldebiko harreman estrategikoa finkatzen du.
Euskadi eta Gales estatu-egituretan txertatutako nazio historikoak dira, eta ibilbide paraleloak dituzte zenbait arlotan, hala nola industrializazio handian, birmoldaketa ekonomikoko prozesuetan eta hainbat esparruren (hala nola industria aurreratuaren, teknologiaren, berrikuntzaren eta trantsizio energetikoaren) inguruko orainaldi komunean. Esparru horretan, Lehendakariak azpimarratu du oso garrantzitsua dela antzeko profilak dituzten lurraldeen artean aliantzak indartzea, erronka globalei elkarrekin aurre egiteko.
Memoranduma sinatu ondoren egindako adierazpen instituzionalean, Imanol Pradales Lehendakariak honako hau azpimarratu du: "trantsizio hirukoitzarekin (ekologikoa, teknologikoa eta demografikoa) lotutako esparruen inguruko proiektu partekatuei bultzada handiagoa ematea ahalbidetuko digu".
BALORAZIOA
"Gaur, gure gizarteen eta Europaren lehiakortasunean, segurtasunean eta ongizatean lagundu nahi duten bi naziok aurrerapausoa emango dugu. Ez indarraren arrazoitik, arrazoiaren indarretik baizik", gaineratu du.
Era berean, Pradalesek azpimarratu du Euskadik beste aurrerapauso bat ematen duela bidelagun gisa elkar ulertzeko memorandum honen bidez, eta erronka estrategiko ezberdinetan partekatutako proiektuak martxan jartzen jarraituko duela. Horrela, berrikuntza hau une garrantzitsuan datorrela azpimarratu du, "inoiz baino beharrezkoagoa da balio demokratikoak defendatzea eta Europa indartzea".