Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatuko du astearte honetan goizaldeko 3.00etatik aurrera elur-arriskuagatik, 200 metroko altuerara jaitsi daitezkeen kotekin.
Gainera, prezipitazio arinak espero dira, zenbait lekutan ertainak, mendebaldean eta egunaren lehen partean. Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatzea erabaki du modu prebentiboan.
Hala jakinarazi dio Neguko Bidezaintza Planaren Koordinazio Organoari. Plan horretan, euskal erakunde guztiak daude ordezkatuta. Euskalmeten iragarpenen arabera, astearte honetako 3.00etatik 15.00etara elur-kota 200-400 metro inguruan kokatu daiteke.
Zaparrada txikiak egingo ditu, egunaren lehen partean zenbait tokitan ertainak, probabilitate handiagorekin mendebaldean. Trumoi-ekaitzak ere izan daitezke eta kazkabarra egin dezake, bereziki egunaren lehen zatian. Arratsaldean atertzeko joera hartuko du. Era berean, barnealdean izotz txikia egingo duela ere aurreikusten da, Araban handia, eta kostaldean izotz txikia egin dezakeela.
NEGUKO BIDEZAINTZA PLANA
2025-2026 Neguko Bidezaintza Planak, Eusko Jaurlaritzak koordinatzen duenak, foru-aldundien eta autobideen elurra kentzeko 215 makina aktibatzeko aukera jasotzen du; 7 garabi astun, gune estrategikoetan kokatuak, tona askoko ibilgailuak kentzeko; eta beste 130 ibilgailu, koordinazio- eta zaintza-lanetarako lagungarri izango direnak.
Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila-kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin sendotu eta osatu ahal izango da. Negu honetarako planak 28.500 tona gatz eta 775.000 litro gatzun eskura izatea aurreikusten du.
Gainera, egoerak hala eskatzen badu, kudeaketa-gelan eta telefono-arretan baliabide gehiago jartzea aurreikusten da, bai 011n (trafikoko arretan) bai 112an (larrialdien arretan), eta gidariei beharrezko informazioa emango die, besteak beste, mezu aldakorreko panelen, web-orriaren, sare sozialen eta abarren bidez.
GOMENDIOAK
Eguraldi txarra dagoenean, gomendagarriena da errepidez bidaian ez irtetea eta, ahal dela, garraio publikoa erabiltzea. Baina bidaia saihestezina bada, Eusko Jaurlaritzak honako hau gomendatzen du: errepideen egoerari eta egoera meteorologikoari buruzko aldez aurreko informazioa eskatu Euskalmeten eta Eusko Jaurlaritzaren 011 trafiko-telefonoaren bidez.
Era berean, gomendagarria da pneumatikoen, galgen eta izotz-kontrakoen egoera aztertu, kateak eraman beti, erregai-tanga beteta eta babes-elementuak ez ahaztu. Eta ahal den guztietan telefono mugikorra eraman; bereziki, bigarren mailako errepideetan zirkulatu behar duten gidariek.
Beste prebentzio-neurri batzuk honako hauek dira: poliki zirkulatu, izotz-plaken presentziari adi, batez ere gune laiotzetan; aurreko autoarekiko segurtasun-distantzia ohi baino handiagoa izan; direkzio-aldaketa zakarrik ez egin, bolantearen mugimendu leunekin gidatu; izotz-eremu batean sartuz gero, ez zapaldu balazta, utzi ibilgailuari bere inertzia hutesez Aurrera egiten.
Erabili neguko pneumatikoak, eta halakorik ez badago, jarri kateak autoari izotza edo elur gogorra dagoenean edo zirkulazio-agenteek hala adierazten dutenean. Irratia oso lagungarria izan daiteke une oro ondo informatuta egoteko.