Síguenos en redes sociales:

Jaurlaritzak lau milioi euro banatuko ditu eskola garraiorako banakako diru laguntzetan

Deialdia eskola garraiorako eskubidea duten baina Hezkuntza Sailak antolatutako garraio ibilbideetara egokitu ezin diren ikasleentzat da

Jaurlaritzak lau milioi euro banatuko ditu eskola garraiorako banakako diru laguntzetanUtzitakoa

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak eskola garraiorako banakako diru laguntzetarako deialdia egiten duen agindua onartu du bileran, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak proposatuta, eta orotara lau milioi euro banatuko ditu.

Jaurlaritzaren arabera, deialdia eskola garraiorako eskubidea duten baina Hezkuntza Sailak antolatutako garraio ibilbideetara egokitu ezin diren ikasleentzat da, edo ikasleek beste erakunde batzuek antolatutako garraio publikoa erabiltzea egokitzat jotzen den kasuetarako.

Ikastetxe publikoetako Haur Hezkuntzako (lehen zikloko 3. maila eta bigarren zikloa), Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Oinarrizko Lanbide Heziketako, Batxilergoko eta erdi mailako heziketa zikloetako ikasleentzat dira laguntzak.

Deialdiak berrikuntza garrantzitsu bat du iaztik: bere aplikazio eremuan sartzen ditu Batxilergoko eta erdi mailako heziketa zikloetako ikasleak, eskola garraioari buruzko dekretu berriak ezartzen duen bezala (urriaren 31ko 164/2023 Dekretua).

Hezkuntza Sailak bermatu egingo du baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiek dagokien laguntza jasoko dutela

Batxilergoko eta erdi mailako heziketa zikloetako ikasleek laguntza jasotzeko aukera izango dute baldin eta dekretu horretan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta Hezkuntza Sailak antolatutako garraioa erabiltzeko baimenik eman ez bazaie.

BALDINTZAK

Bete beharreko baldintzen artean daude ikastetxea etxetik lau kilometrora edo gehiagora egotea (bi kilometro edo gehiago ezintasun fisiko, psikiko edo sentsorialarekin lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan), edota 21 urte baino gehiago ez izatea ikasturtea amaitzen den urtean (25 urte edo gehiago hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan).

Azkenik, Hezkuntza Sailak bermatu egingo du baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiek dagokien laguntza jasoko dutela. Beraz, deialdira bideratutako zenbatekoa handitu ahal izango da beharrezkoa izanez gero.