Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak baimena eman du astearte hgonetan Ertzaintzaren eta Markaren Defentsarako Espainiako Elkartearen (ANDEMA) arteko lankidetza hitzarmena sinatzeko, eta horrela, bi erakundeak elkarlanean ariko dira jabetza industrialaren eta intelektualaren aurkako delituen ikerketa hobetzeko.
Jaularitzatik zehaztu dutenez, hitzarmenaren helburua da lankidetzako mekanismoak ezartzea prestakuntzaren eta ezagutzaren arloan, eta Euskadin gertatzen diren jabetza industrialaren eta intelektualaren delituen aurkako borrokan garrantzitsua den informaziorako sarbidea erraztea.
Horrela, ANDEMAk Ertzaintzaren esku jarriko du bere datu basea; marka askotako ordezkarien informazioa jasotzen da bertan, ustez faltsututako produktuak esku hartzen diren operazioetan haiekin harremanetan jartzea errazteko.
ANDEMAk Ertzaintzaren esku jarriko du bere datu basea; marka askotako ordezkarien informazioa jasotzen da bertan, ustez faltsututako produktuak esku hartzen diren operazioetan haiekin harremanetan jartzea errazteko
Ertzaintzaren eta ANDEMAren arteko hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, Ertzaintzak etxebizitzetan lapurretak egiten zituen talde kriminal ibiltari bateko hiru kideak atxilotu zituen joan den astean Donostian, Mossos d'Esquadra Kataluniako polizia autonomikoarekin koordinatuta egindako operazioan.
Donostia, Zarautz eta Azpeitiako etxebizitzetan egindako lapurreta bana leporatu dizkiete atxilotuei, eta Gipuzkoako hiriburuko beste etxebizitza bateko lapurreta ikertzen jarraitzen dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Joan den irailaren 26an, Mossos d'Esquadrarekin izandako koordinazioari esker, Ertzaintzak jakin zuen jatorriz Europa ekialdekoak diren hiru gizonek osatzen zuten eta batez ere etxebizitzetan indarra erabiliz lapurretak egiten zituen talde bat Euskadira iritsi zela, ustez delituak egiteko asmoz. Kataluniako polizia autonomikoak jakinarazi zuen taldeak Bilbon hartu zuela ostatu, baina Zarautzera (Gipuzkoa) joan zela.