Eusko Jaurlaritzak urratsak egiten jarraitzen du emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna esparru gehiagora zabaltzeko, gizartean berdintasuna erabatekoa izatea lortu arte, eta iaz kontratazio publikoan genero ikuspegia eta berdintasunerako klausulak barne har daitezen errazteko instrukzioa onartu ondoren, genero ikuspegia Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) sektore publikoaren aurrekontu orokorretan aintzat hartzeko estrategia onetsi du astearte honetan.
Jaurlaritzaren arabera, estrategiak Berdintasunerako Legearen arau aginduei erantzuten die, bai eta XIII. legegintzaldiko programaren aginduei ere, eta bide orri bat da proposatutako helburuak lortzeko eta Euskadin emakumeen eta gizonen berdintasunerantz benetan aurrera egiten den egiaztatzeko.
Bada, proposatutako helburua lortze aldera, dokumentua onartzeak berekin dakar "konpromiso politiko esplizitua hartzea" eta, ondorioz, "baliabideak esleitzea eta lidergo politiko aktiboa izatea" EAEko sail, organismo autonomo, partzuergo, zuzenbide pribatuko entitate publiko, sozietate publiko eta sektore publikoko fundazio guztietan.
JARRAIPEN BATZORDEA
Ildo horretan, Estrategiaren Koordinazio eta Jarraipen Batzordea sortzea aurreikusi da. Batzordeak talde tekniko baten laguntza izango du, eta partekatzeko eta proposamenak egiteko espazio gisa eratuko da, estrategiaren kudeaketa eta emaitzak optimizatzea helburu duten sinergiak sortze aldera. Batzordearen eginkizunen artean dago egindako ekintzen eta erabilitako bitarteko eta baliabideen urteko jarraipen txostena egitea ere.
Batzordeak talde tekniko baten laguntza izango du, eta partekatzeko eta proposamenak egiteko espazio gisa eratuko da
Orobat, planteatutako helbururako zenbait mugarri zehazten dituen bide orria landuko da estrategian. Horrela, dokumentuan bildutako proposamenen artean daude, besteak beste, egoeraren diagnostikoa egitea, genero ikuspegia aurrekontuetan sartzearen garrantziari buruzko sentsibilizazio jardunaldia antolatea legealdi bakoitzaren hasieran, berdintasun politikak zehaztu eta kuantifikatzea eta langileen gastuei buruzko I. kapitulua zehaztea, genero ikuspegia duten aurrekontuen barruan.
Bide orri horretan finkatutako beste ekimenetako bat da estrategia abian jarri eta lehen hiru urteetako ebaluazioa egiteko kanpoko txostena eta etengabeko hobekuntzarako gomendioak kontratatzea, emaitzak argitaratzea eta genero ikuspegia duen zerga politika sustatzea Euskadiko Zerga Kontratazioko Organoaren barruan.