Guardiak ura erregulatzeko 5.000 m3-ko andel berri bat du gaur goizetik, herria eta eskualdea hornitzeko. Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Juanjo García Berrueco Arabako Errioxako Ur Partzuergoko presidenteak dagoeneko amaituta dauden obrak bisitatu dituzte, eskualdeko tokiko agintariekin batera.

Ramiro Gonzálezek honako hau azpimarratu du: "Aurrera egiten jarraitzen dugu, gure lurraldean uraren ziklo integrala hobetzeko. Hornidura sistema hobetzea lehentasunezkoa da hornidura bermatzeko eta egungo eta etorkizuneko beharrak asetzeko, eta horretan laguntzen du andel berri honek".

Ildo horretan, diputatu nagusiak gogorarazi du ura eraginkortasunez eta arduraz erabili behar dugula, klima aldaketaren eta haren ondorioen erronka dela eta: "Administrazioek, herritarrek, enpresek eta nekazaritza sektoreak helburu komun eta partekatu baten alde egin behar dugu lan, baliabide horren erabileran efizientzia handiagoa lortzeko".

 Dagoeneko martxan dagoen azpiegitura hidrauliko horrek ordeztu egiten du herrigunearen iparraldean, 2,5 bat kilometrora, kokatuta zegoena. Andel erregulatzaile hori Preload sistemarekin eraikitako perimetro horma batek eta estalki lau bati eusten zioten barne zutabeek osatzen zuten, guztia hormigoi armatuzkoa. Sistema horrek hutsuneak zituen, eta eraitsi eta berri bat eraiki edo lehendik zegoena indartu beharra zegoen.

Lehen aukera jo zuen egokitzat Arabako Errioxako Ur Partzuergoak, eta 2022ko ekainean 5.000 m3-ko edukierako andel erregulatzaile berri bat eraikitzeko lizitazioa egin zuen. Oinplano angeluzuzena du, eta bi konpartimentutan banatuta dago.

Andel berria hiru tokitatik hornitzen da: Lezako zundaketako ur sarrera, gehienez 35 l/s-ko ekarpen ahalmena dutena; Guardiako zundaketa, gehienez 60 l/s-ko ekarpen ahalmena duena, eta urtean batez beste 12 l/s-ko ahalmena duten hiru iturri.

Edateko uraren irteerari dagokionez, andel honek funtzio bikoitza du: alde batetik, Guardia herria hornitzeko bi ur irteera ditu, eta, bestetik, hirugarren irteera bat, eskualde osorako ur hornidura erregulatzeko. 

Horrela, "Arabako Errioxako Ur Partzuergoak zuzenean hornitzen du 1.500 biztanle dituen Guardia udalerria, eta herriko hornidura bermatzen du, bai eta herriko upategi industriaren kontsumo handiak ere", zehaztu du partzuergoko presidente Juanjo García Berruecok.

Era berean, azpiegitura horri esker, eskualdeko beste eremu batzuen hornidura bermatuko da, bai ekialdean bai mendebaldean, dagoen ur hornidura birbanatu ahal izango baita eremu horietakoa osatzeko, hornidurak gutxitzen badira.

Azpiegitura hori egiteko 1.797.145,41 euroko aurrekontua erabili da. Foru Aldundiak, Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailaren bitartez, obraren kostuaren % 50 finantzatu du.

Guardiako esku hartze honekin, Foru Aldundiak amaitutzat jo du Preload teknologiarekin eraikitako eta 2016-2026 aldirako Hornidura eta Saneamendurako Plan Zuzentzailean jasotako Arabako andelen ordezkapena. Foru erakundeak tokiko erakunde kudeatzaileekin lankidetzan gauzatu ditu esku hartze horiek, Oionen, Agurainen, Dulantzin, Artziniegan eta Gasteizen.