Iñigo Urkullu Lehendakaria, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz lagun, buru izan zen Mondragon Unibertsitateko 2023-2024 ikasturtearen hasiera-ekitaldian. Joan den ikasturteko memoriaren irakurketarekin hasi zen jarduna, eta ondoren Enpresagintza Fakultateko team coach eta ikertzailea den Sain Milena López Pérez doktoreak lezio magistrala eman zuen, eta Vicente Atxa MUko errektoreak eta, azkenik, Iñigo Urkullu lehendakariak hitzaldiak eman zituzten.
Lehendakariak, bere hitzaldian, Eusko Jaurlaritzaren eta Mondragon Unibertsitatearen arteko lankidetza eraginkorra nabarmendu zuen, partekatzen dituzten lau helburu estrategikoak azpimarratuz: unibertsitateak eta pertsonak trebatzea bikaintasunean aurrera egiteko; beste unibertsitate eta eragile batzuekin lankidetzan aritzea ekosistemak konektatzeko; Unibertsitate Sistema nazioartera zabaltzea nazioarteko sare eta programen bidez; eta gizartean eragina izatea kualifikazio handiko talentua sortzearen, ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren bidez.
Urkulluk azaldu zuenez, Euskadik elkarrizketarako eta akordiorako eredu propioa du Jaurlaritzaren eta unibertsitateen artean, eta eredu horretan, esparru bakoitza, eragile bakoitza eta pertsona bakoitza ezinbesteko parte dira. "Gure lana, erakunde guztiena, akordio, lankidetza, berrikuntza eta pertsonen garapenerako bide hori babestea da", adierazi zuen.
Hala, azpimarratu zuen erakundeek unibertsitate lehiakorragoa, gaituagoa, berritzaileagoa eta iragazkorragoa bultzatzen dutela, "bai titulazioen oinarrian bai bizitza osoan prestakuntza-eskaintza zabalagoa eskainiko duena. Ikasleak bere prestakuntza-ibilbidean eta etorkizuneko garapenean erantzukizun handiagoa izan dezan sustatzea. Euskadin errotuta dagoen eta mundura irekita dagoen unibertsitatea bultzatzea".
Etengabeko aldaketan murgilduta dagoen gizarte honetan, Iñigo Urkulluk errealitate berri horri erantzun egokiak bilatzeko eta emateko beharra planteatu zuen, "dinamikoak izatera eta ikerketa eta berrikuntza gure ikuspegiaren erdigunean jartzera behartzen gaitu. Enpresa eta eragileekiko lankidetzan ausartagoak izanez".
Oñatin egin zen ostiralean ekitaldia eta bertan izan ziren, besteak beste, Legebiltzarreko Presidente Bakartxo Tejeria, Gobernuko Ordezkari Denis Itxaso, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi, Eider Mendoza, Mondragon Korporazioako Presidente, Iñigo Ucín, eta MUko PresidenteJavier Oleaga.