Gobernu Kontseiluak aste honetan egindako bileran aztertu du Eusko Jaurlaritzaren 20.000 euroko laguntza arautzen duen agindua, mundu osoko poliziako eta suteak itzaltzeko kidegoen artean lehiatzeko antolatzen diren nazioarteko kirol-jokoetan parte hartu nahi duten ertzainen gastuak ordaintzen laguntzeko dena.  

Ertzainak munduko jokoetan nahiz Europakoetan lehiatu ohi dira, eta domina ugari lortu dituzte. Helburua da, kirolari esker, mundu osoko polizia-agenteen eta suhiltzaileen artean esperientziak trukatzea segurtasun-zerbitzu publikoen artean adiskidetasuna sustatzeko eta forma fisiko eta profesional onean egoteko motibazioa izateko.

2023, Europako eta munduko jokoen urtea

Munduko jokoak bi urtez behin egiten dira, eta Europakoak, aldiz, urtero. Aurten “World Police and Fire Games” jokoak Kanadan, Winnipeg hirian, egin ziren uztailean. Bestalde, European Police and Fire Games” jokoak irailean egingo dira Espainian, Torreviejan.  

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Eusko Jaurlaritzaren ustez garrantzizkoa da Ertzaintzako agenteek nazioarteko kirol-proba horietan parte hartzea sustatzea; izan ere, gainerako agenteek kirola sarri egiteko pizgarri bat da eta, horrekin, agenteen gaikuntza, sasoia eta osasuna hobetzen dira.

Era berean, aukera bikaina da Ertzaintzaren irudi ona eta balioak atzerrian sustatzeko ere. Berez, jokoetan parte hartuko duten agenteek “Euskadi – Basque Country” nazioarteko marka jarrita Eusko Jaurlaritzak euren esku jarriko dituen kirol-ekipamenduak erabili ahal izango dituzte.