Idazmahaia

Bizilagun onaren bila

07.06.2021 | 00:29
Zuriñe Grisaleña Corcuera

Zaratari buruz hitz egin nuen aurrekoan. Gaur ez dut gaia errepikatuko, baina, funtsean, zerikusia du jarraian azaldu nahi dudanarekin. Gure hiri eta hiriburu maitean ibili al zarete azkenaldian oinez, bizikletaz, autoz, patinetez edo astoz (bakoitzak nahi duena erabiltzen baitu Gasteizen)? Sare sozialetan askotan gainerako herritarren zirkulazioari buruzko kexak ikusten ditut, eta senideekin eta lagunekin izaten ditudan elkarrizketetan ere askotan ateratzen da hizketagaia. Ondorioa: jende guztia kexu da gidari zein oinezko txarrak daudelako. Baina, orduan, nor dira hain gaizki egiten duten pertsona horiek? Hirian kaosa pizteko figuranteak jartzen dituzte? Jaun-andreok, hau ez ikusiarena egitea bezala da. Denok akatsak egiten ditugula onartzeko gai izan behar dugu. Begiratu gabe eta errepidearen erditik gurutzatzen dugula, keinukariari ez diogula ematen edo biribilguneetan ez gabiltzala ondo. Zenbat eta lehenago onartu, orduan eta lehenago hasiko gara arazo hau konpontzen. Oso arazo larria da eta arrisku-egoera asko sortzen ditu(gu). Istripu gutxi gertatzen dira zirkulatzen den bitartean egiten diren akatsen kopurua ikusita. Denok kontzientziatu behar gara eta enpatia lantzen hasi. Zirkulazio-arau guztiak egun batez betetzen saiatu zaitezte. Esango didazue nola joan zaizuen.

noticias de noticiasdealava