Aita, Inosen, 1915-I-16an jaio zen Donostian, 98 urterekin hil. Urte luzetan izkutuan idatzi eta ongi gordetako zirriborrotutako gogoeta ugari, baita filofia kutsukoak ere, eta ideia multzoz osaturiko, eta ondoren aurkitutako hainbat orrialde, maitasun osoz, garbitu, eguneratu eta biotzez txukundu eta paratu ondoren zatika argitaratzen ditut, lautan hain zuzen. Gudari izandakoa Saseta Batailoian bere bi anaiekin batera. Espetxeak ezagutu zituena luzaroan, euskal “erresistentzian” aritutakoa, gizon argia, autodidakta, jakituna serioa, nortasun zorrotzekoa, irakurle amorratua, idazle bikaina, euskalduna, abertzalea, fededuna baina ez klerikala. Bere hainbat orrialdek Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko Egan literatura aldizkarian aspalditxo argia ikusi zuten. Beste batzuk saltoka dabilzkit etxean zehar bere destinoaren zain betiere. Bedi bada hauxe, gaurkoan bigarrena.
Honela, gure mundu zibilizatua maskara izugarria da, maskarada larria. Ikusten dugun bezala gure gorputza jantzipean bildurik dago eta itxura honexetan gure izpiritua gezurrez inguratua dugu. Munduan izaki gezurti bat baino gehiago dago, alegia gizakia. Izaki humanoak bakarrak esaten du gezurra, adierazten du gezurra, gezur esan dezake eta gezur esan egiten du. Eta noski, gezurraren iturriak bere borondatearen nagusitasuna zabaltzen du beste indibiduoen gainera. Politikan beti behar dena etorkizuneko ikuspena da, berriaren erakuspena eta eraginkortasuna babesten duen pragmatismoa. Henry Ford mintzo: porrot ororen oinarrian zer dago? Ba, eraketa akastua, edo zuzendaritza arlotea. Beste hitzetan, porrotaren edo arrakastaren, hau da, garaipenaren edo galmenaren iturburua goiko aldean dago beti, zuzendari nagusien artean. Eta ez noski beheko mailan.
Leon Blumek esana: lan egin behar da, lagundu behar dugu beldurretik eta miseriatik mundo askatua eraikitzeko. Bizikidetasun ordena erdiesteko jarduera politikoa komunitate osoaren lana bezala ulertzen du Blumek. Politikak, jarduera humano den neurrian, proposatzen duena da boterearen bitartez bizikidetasun libre eta borondatezkoa onestea. Forma politiko desideologizatuak irudikatzea zientzia fikzioko munduari dagokio. Irina gabeko ogia, sexu gabeko maitasuna, grina gabeko politika. Kafeina ez duen kafea, sorpresa gabeko jokoa, kirol arrisku gabea. Edo txarragoa dena: desnaturalizazioaren pareko nahasketak, gerra den bakea, gezurra gertatzen den ogia, hizkuntza elektroniko hutsa den ezarritako poesia. Politikaren alde txarra eta zikina, horretan datza arriskua.
Horrexegatik libertatearen behar kabalaren premia, askatasun giroaren nahitaeza, jokaera guztien derrigorrezko kontrola, oinarrizkoa eta errozkoa. Herriaren ondasunak gaizki erabiltzea, administratzea modu gaiztoan, batzuei gehiagoko beste batzuei urriagoko laguntzak motibo jatorrik gabe ematea, ustelkeria giroa jaioaraztea da aipaturiko alde txar eta zikin hori. Betiere gorrotoak, ezinikusiak, grina txarrak sortzea, lotsagabekeriaren erreinua zabaltzea eta errealitate gordineko erreinua bultzatzea. Horrela da askoren bizimodua. Eli Wieselen pentsamenduak hausnarketa bat gidatzen du mundua gainalderako ekintza daramana. Bultza ditzagun ikerketa zientifikoak, topaketa eta abentura kreatzaileak. Babestu ausarki, lagundu, borrokarako intolerantzia den guztiaren aurka, xenofobiaren kontra, miseriaren aurka, gure unibertsoan bizitza forma guztientzat erdeinua besterik ez duten guztien kontra. Indiako atsotitza: “Ematen ez den guztia galdu egiten da”. Beste esaera on bat: “Iragana da hitzaurrea”. Politikaren eremuan ez dezagun hutsik landu gabe utzi, zelaitxorik txikiena edo laboratzeke zer goldatu exkaxez, uzta ongi helduta bildu gabe, itsasorik garbitu gabe, herri eta hiririk zerbitzatu gabe, inongo gaitasun edo bururik galtzen alferrik eutsi gabe, inor utzi lagundu gabe, inongo horizonte, hodei, ertz ikustatu gabe, inongo zeru miretsi gabe. Oreka politikoa nahitaezkoa da integrazioan parte hartzen duten indar diferenteen artean. Oreka faltaz bultzatzen baita totalitarismo mota batera nahiz bestera. Etorkizunean Estatua gainditzeak etorri behar du egitura nagusiagoak antolatuz, politika ez baita noski identifikatzen soil soilik eta derrigorrez edo halabeharrez maila estatalarekin. Baina zeregin horretan, ikusten denez, badago, egon ere, zer ikasi eta zer ikusi asko oraindik. Prozesuak bide luzea dauka oraindik.
Kultura politikoaren kontzeptua ez dator bat sistema politiko konkretu edo jakin batekin. Kultura politikoa da politika egiteko jokaera modua, lanabes kontzeptual baliotsua mikro-politika eta makro-politika elkarbideratzeko. Laguntzen du politikaren multzoa ikertzeko osotasun bezala, harremanetan ipintzen ditu indibiduo partikularraren interesak eta estatistikak taldeen eta gizarteen ekintza eta ereduekin. Kultura politikoaren mailak ikertu daitezke kontutan edukiz honako hauek: 1.Lurralde desberdinetan politika heldua dutenak, kultura politiko garatukoak. 2. Kultura politiko baxukoak. 3.Gutxienezko kultura politikokoak 4.Azkenik, kultura politiko antidilubiana bakarrekoak. Kultura politikoaren eraginkortasun eta onuragarritasunari buruz mintza daiteke sistema politikoaren ulermenerako eta azterketarako, kultura politikoak eta forma politikoak konparatuz herrialde diferenteetan.
Erregimen politiko ingelesa hartu izan da herri guztiek imitatu behar luketen sistema eredu gisa. Britainia Handia luzaroan errespetatua eta inbidiatua izan da beste herrien aldetik. Bertan gauzatzen direlako eraginkortasun politikoa eta hiritar askatasuna uztartuak itxura zoragarrian. Britainiar konstituzionalismoa indar biologiko batek zuzentzen du, eta bizitza bezala azaltzen zaigu, paradoxikoa, osoa, betea eta txundigarria batera. Mauroisek Britainia Handia “inkoherentziaren lur bedeinkatua” bezala bataiatu zuen, bere iritziz beti agertzen duelako soluzio bat, aldi berean liluragarri eta askotarikoa, konplexua alegia. Voltairek bere aldetik honela zioen: “Bizitza ingelesa... elementuen zorioneko konbinazioa da, nahaste harmoniatsu horretan bere ordenaren sekretua gordetzen baita, jakin dute ederki bateratzen multzo orekatuan printzipio eta instituzio zenbait beste lekutan elkarrezinak gertatuak izan direnak, aginpidea eta askatasuna, monarkia eta demokrazia, tradizioa eta egokitasuna. Mendetako lanketa historikoa, honek sorrarazten duelarik gaur harritzen gaituen eraikinerako oinarri irmo sendoa”. Zein ideia da sistema politiko honi egitura ematen dioena? Orekaren ideia, zuzentza, Zuzenbidearen nagusitasunpeko arian doana, rule of law, legearen erreinua.
Erakunde Britainiakoaren izaera berezia historikoa da, ohiturazkoa, iraganarekin leial, etengabeko eraberritzen dena. Ingalaterran agintariak zein gobernatuak topatzen dira jokatzeko norma politikoekin jakintsuki landuak mendeen joanean. Horregatik guztiagatik Britainia Handia egiazko demokrazia da. Lehen Ministroak ehun eguneko epea aipatu zuen herritarrei konfiantza berremateko. Estatu Batuetan demokratek, azken hauteskundeetan garaile irtenak, presa gehiago agertu dute: aurreneko ehun lanorduetan sei lege-giltza bozkatzeko.
Ehun egun, ehun ordu. Nork daki! Gure agintariak ez daitezela fida. Politikoa bilakatzen ari den telebistako joko handi horretan, hautesle ikusle multzoak, kezkati eta urduri, ehun segundoko epea besterik ez die emango lehiakide politikariei. Gaurko egunean politikak bere sinesgarritasuna berreskuratu behar du, eta, beraz, argi ikusi zer nolako etena irekia dagoen hitzaldien eta egintzen artean. Garbi gera dadila zer modutan hautatuek beren lanen argibidea eman dezaketen epe jakinetan, hautatu dituzten herritarren aurrean. Jendeak ez baitu nahi bost urtero deitua izan botoa ematera eta gero egiaztatu inork ez diola kasurik egiten. Hautatuek beren ona besterik ez dute bilatzen. Hori da herriaren sentimendua. Oker pentsatua egon daiteke, baina benetan hori serio hartzen az bada, okerrean dagoela jendea ez dago probatzerik. Jarraituko du.