Uhinak biltzarraren laugarren edizioa egingo da Irungo (Gipuzkoa) urriaren 23an eta 24an, eta ozeanoen "aurrekaririk gabeko eraldaketa azkarraren" eta itsasertzean duen eraginaren erronkari helduko dio, nazioarteko aditu entzutetsuen, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko erabakiak hartu beharko dituzten erakundeen ordezkarien eta itsasertzeko egokitzapenak gauzatuko dituzten enpresen parte hartzearekin.
Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, "modu integralean eta begirada zabalarekin" jorratuko da gaiua topaketan, hau da, tokiko ikuspegia izango da, kostaldeko herri jakin batzuetan abian diren ekimenak ezagutzeko, bai eta eskualde edo mundu mailakoa ere, fenomeno globalagoak ere ulertzeko, hala nola Ipar Atlantikoko korrontearen mantsotzea.
"Uhinak kongresua lehen aldiz egin zenetik, ez du ematen egoera asko onbideratu denik. Ozeanoak aurrekaririk gabe aldatzen ari dira, eta oso bizkor gainera. Arazoak ezagutu behar ditugu, balizko konponbideak definitu, eta martxan jarri. Beraz, inoiz baino garrantzitsuagoa da klima aldaketa mantentzea arduradun politikoen, adituen eta enpresen agendan", adierazi dute.
Testuinguru horretan, "garrantzi berezia" du Ficobak eta Azti zentro teknologikoak antolatutako klima aldaketari eta itsasertzari buruzko Uhinak biltzarrak seigarren edizio honetan. Guillem Chust Aztiko itsas ekosistemen aldaketa globaleko arloko arduradunaren hitzetan, "hil ala bizikoa da ulertzea nola ari den klima aldaketa gure ozeanoak eta itsasertzak eraldatzen, egoera arintzeko eta egokitzeko estrategia eraginkorrak garatuko baditugu".
Uda ondoren aurkeztuko da biltzarraren ponentzien programa osoa, baina hasiak dira hainbat espezialitatetako nazioarteko aditu ugari beren hitzaldiak proposatzen. Horien artean, nazioartean itzal handia duten bi aditu hautatu dira biltzarraren bi jardunaldiei hasiera emateko. Biek ala biek ikuspegi sakon eta aditua eskainiko dute klima aldaketaren inguruko gaiak jorratzeko.
Horrela, Peter Ditlevsen Kopenhageko Unibertsitateko Niels Bohr Institutuko katedraduna arduratuko da lehen jardunaldia inauguratzeaz, eta bigarrena irekitzeko hitzaldiaren arduraduna Marta Coll Kataluniako Itsas Zientzien Institutuko zuzendariordea izango da.