Pablo Berger eta Isabel Herguera zinemagileak animaziozko zinemari buruz arituko dira ostiralean, apirilaren 5ean, Gipuzkoako Aldundiko Kultura Sailak, Koldo Mitxelena Kulturuneak, Z365 Donostia Zinemaldiaren urte osoko jaialdiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak antolatutako 'Zinemagileen elkarrizketak' egitarauaren 'Zinemagileen arteko Elkarrizketak' programan.

Ekitaldia Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuko areto nagusian izango da, 19:00etan. Sarrera librea izango da, baina lehentasuna dute urtarrilaren 8a baino lehen programazioan matrikulatu zirenek, antolakuntzako iturriek jakitera eman dutenez.

'Zinemagileen arteko Elkarrizketa' programak film baten ekoizpenean eta errealizazioan ezkutatzen dena hobeto ulertzeko gako berriak eskaini nahi dizkio zinemazaleari. Horela, programako saioek aukera ematen dute zinema sorkuntzaren intrahistoria ezagutzeko, elkarrizketa formatu atsegin batean. Elkarrizketa guztietan, zinema lanbide kolektibo gisa hartzen da, eta zinemagileaz gain, lankide bat ere izaten da, muntaia, interpretazio, gidoi edo ekoizpenean lan egiten duena.

Bada, ostiraleko saioan, 'Robot Dreams' lanari esker aurtengo animaziozko film onenaren Oscar sarirako izendatu duten Pablo Berger zinemagile bilbotarra eta iaz 'El sueño de la sultana' lanarekin Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratu zuen Isabel Huergera donostiarra animaziozko zinema izango dute hizpide.

Saio honen ondoren, maiatzaren 7an gidoia izango da protagonista, Belen Funesekin eta Marçal Cebrianekin, eta egitaraua bukatzeko, J.A. Bayonak eta Belen Atienzak urteetan zehar sortu duten zuzendariaren eta ekoizlearen arteko loturan sakonduko dute ekainean, oraindik zehazteke dagoen egun batean.