Bilbon gaur egun dauden ehun urtetik gorako 66 saltokiek apirilaren 10ean ospatuko dute Bilboko Ehun Urtetik Gorako Saltokien Eguna. Lehen aldiz antolatu da, establezimenduek proposatutako ekimenaren harira, urteko ehungarren egunean.

Bilboko Udalak eta bilbaoDendak elkarteak jakinarazi dutenez, ekimenaren bidez, saltoki horiek "Bilboko bizitzaren eta garapenaren parte izateak dakarren poztasuna" helarazi nahi diete herritarrei. Gainera, turistentzat erakargarriak izan daitezkeela sustatu nahi dute, bai eta bilbotar gazteen artean ezagutzera eman ere, betiko negozioak ezagutu ditzaten.

Horrela, apirilaren 8tik 13ra bitartean, establezimenduetako batzuek gertaera omentzeko zenbait ikur jarriko dituzte sarreran, hala nola harrera egiteko alfonbrak eta banderak, egun horretarako berariaz egindakoak. Horrez gain, saltokietan apirilaren 10ean egindako erosketetan deskontuak edo opariak egin ahalko dituzte, ohiko bezeroak inplikatzeaz gain, herritarrak oro har erakartzeko asmoz.

Establezimenduek proposatutako Bilboko Ehun Urtetik Gorako Saltokien Egunaren helburua da Bilboko Udalak bilbaoDendak elkartearen eskutik hasitako proiektua sendotzea. Ekimen horretan, ehun urtetik gorakoen erkidegoa sortu du 'EHUN: Betiko dendak betirako' lelopean, eta hirian 90 urtetik gora bete dituzten 66 establezimendu biltzen ditu jada.

Ehun urtetik gorako establezimenduak dira 90 urte baino gehiagoko merkataritza jarduera duten saltokiak (kokapena aldatu arren), baldin eta belaunaldiz belaunaldi edo langileen artean eskualdatu diren negozioak badira eta urte horietan guztietan salduriko produktu mota edo lan egiteko modua mantendu badituzte.

Ehun urtetik gorako 66 saltokiek osatzen duten zerrenda historikoan, besteak beste, botikak, janari dendak, estankoak, loteria negozioak eta moda saltokiak daude, Abando, Ibaiondo, Errekalde, Uribarri eta Deustu barrutietan.

Bilboko Udalak hiriko baldosa bat eman ohi die ehun urte betetzen dituzten saltokiei, egindako ibilbidea aintzateste aldera, bai eta horien historia azaltzen duen katalogoa ere, sakelako mapa batekin batera, herritarrek ezagutu ditzaten eta erraztasun handiagoz bisita ditzaten.