Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mende dagoen Alokabide sozietate publikoak Orioko (Gipuzkoa) Anibarko Portuko eremuan eraikitako alokairuko sei zuzkidura bizitoki berrien giltzak emangoi dizkie datorren astean esleipendun izan diren 36 urtetik beherako gazteei.

Bizitokiak salmentarako babes ofizialeko etxebizitzen eraikin baten beheko solairuan daude, eta gela, sukalde eta egongela integratu eta bainugela bana dituzte. Bizitokietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat moldatuta dago. Eraikuntzan 539.175 euro inbertitu dira (BEZ barne), Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.

Esleipendunak gehienez bost urtean biziko dira etxeotan, txandakako etxebizitzak baitira eta, neurriak eta behin behinekotasuna kontuan hartuta, gazteak emantzipatzeko prozesuetan laguntzeko bereziki egokiak. Sei bizikidetza unitateek hilean ordainduko duten kanona gazteen diru sarreren %30etik beherakoa izango da.

Etxebizitzak eskuratu ahal izateko baldintzak izan dira Etxebiden alta emanda egotea, jabetzan etxebizitzarik ez izatea eta urteko diru sarrera haztatuak 3.000 eta 42.314 euro bitartekoak direla egiaztatzea, bai eta bizikidetza unitateak bi kide baino gehiago ez izatea eta prozeduran izena eman zen datan 36 urte baino gutxiago izatea ere. Orion erroldatutako pertsonek lehentasuna izan dute prozesuan.

Orain arte, Etxebizitza Sailak 18 etxebizitza partikular kudeatzen zituen Orion 'Bizigune' programaren bidez, baina ez zuen alokairuan emateko etxebizitzarik. Sei bizitokiak Etxebizitza Sailak herrian izango duen etxebizitza sorta publikoko lehenengoak dira, eta datorren urtean gehiago izatea aurreikusi da, Visesa alokairuko beste 48 etxebizitza publiko ari baita eraikitzen Munton. Etxebidek 292 etxebizitza eskatzaile ditu, horien %74 alokairu erregimenean.