Aritz Olagoi psikologoak jaso du Jaurlaritzaren 'Kiroletik Bagoaz Euskaraz' lehen saria
Eusko Jaurlaritzak Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria sortu du kirolaren munduan gertatzen diren euskararen aldeko praxiei prestigioa emateko
Eusko Jaurlaritzak Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria sortu du kirolaren munduan gertatzen diren euskararen aldeko praxiei prestigioa emateko, eta Aritz Olagoi jarduera fisiko eta kirolean aditua den psikologoak jaso du lehen aldian, batez ere Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko Metodologia garatzeagatik.
Bere egunerokoan euskararen erabilera sustatzen duten kirol klub profesional zein ez-profesionalak eta norbanakoak aitortzea da sariaren xedea, Eusko Jaurlariotzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik jakitera eman dutenez.
Bada, lehen edizioan, Aritz Olagoi psikologoak jaso du. Psikologian lizentziaduna da eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializatuta dago. Bere ibilbide profesionala psikologiaren, kirolaren eta euskararen inguruan burutu du. Esparru horretan, euskara kirolean sustatzeko hainbat egitasmo propio sortu ditu eta, batez ere, Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko Metodologia garatzeagatik jasoko du saria.
Metodologia horren ardatza kirol hezitzaile-entrenatzailea, bera baita euskararen erabilera sustatzeko arduradun nagusia. Metodologiaren arabera, entrenamendu saioak euskaraz gidatzeko gaitasuna duten entrenatzaileak euskaraz egingo die haurrei beti eta entrenamenduetan zein partidetan informazioa, aginduak eta zuzenketak euskaraz emango ditu. Metodologiaren bidez, entrenatzaileek baliabide eta tresnak ezagutzen dituzte egungo elebitasunezko errealitateak haurrekiko komunikazioan sortzen dituen egoera anitzak kudeatu ahal izateko.
Aritz Olagoiri saria emateko ekitaldia asteazkenean izan da, otsailaren 14an, 18:00etan, Donostiako Aquarumean.