Gasteizko Montehermoso Kulturguneak Melomaniak izeneko musikaren inguruko ziklo kultural berria antolatu du. Ekimena martxoko astelehenetan egingo da, eta kulturaren munduko pertsona entzutetsuekin egindako solasaldiak bilduko ditu, "haien bizitza zein abestik aldatu zuen jakin nahian".
Gasteizko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, "zarataz, gehiegizko informazioaz eta etengabeko estimuluez inguratuta bizi garen une honetan, arretaz entzutearen eta elkarrizketa patxadatsuaren balioa aldarrikatu nahi ditugu".
"Ziklo honek kulturaren munduko pertsona ezagunekin topaketak egitea proposatzen du, bizitza aldatu zien musikaz hitz egiteko. Izan ere, pertsona bakoitzaren atzean soinu banda pertsonal bat dago, bere lanean, sentsibilitatean eta ibilbidean erabakigarria izan zena", adierazi dute.
Lehen edizio honetan, bost hitzordu programatu dira, askotariko ahotsekin: astelehen honetan, martxoaren 2an, Karmele Jaio idazlea, 9an Ramon Andres idazlea, 16an Arantzazu Calleja konpositorea, 23an Christina Rosenvinge abeslari eta sortzailea, eta 30ean Niño de Elche diziplina anitzeko artista. Garbiñe Ortega, komisario, editore eta kultur kudeatzaileak aurkeztu eta moderatuko ditu solasaldiak berak bultzatu baitu ekimena Montehermosorekin batera.
Saioak martxoko astelehen guztietan egingo dira eta sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenarekin; Montehermoso Kulturgunearen webgunean daude eskuragarri, ondorioztatu dutenez bertatik prentsa ohar baten bitartez.