Jimmy Jazz Gasteiz aretoak antolaturiko Batbatean jaialdi berriak lehen talde eta artisten izenak iragarri ditu, eta horien artean daude Brigade Loco, La Elite, Metrika, Roy Ellis, Segismundo Toxicomano eta Jarfaiter, besteak beste. Jaialdia 2026ko maiatzaren 15ean eta 16an ospatuko da Mendizabalan, eta sarrerak asteartean jarriko dira salgai, abenduaren 16an.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Batbatean bereziki gazteei zuzendutako jaialdia da, Arabako eta Euskal Herri osoko gazteak elkartzeko asmoz sortua. Horregatik, estilo eta jatorri ezberdinetako artistak bildu dituzte, publiko zabal eta anitzarekin konektatzeko.

Bada, aipatutakoekin batera, Añube, Apotheke, Bull Brigade, Etxepe, Hell Beer Boys, Hofe, Jarfaiter, La Txama, Lukiek, Nafarroa 1512, Nerve Agent, Safu, Santa Salut, Skabidean, Tatta eta Xiberoots ere izango dira jaialdian, baita Carlos Perez, K-Style, Malakias Mx3, Malandro eta Rosa Mari djak ere. Hurrengo iragarpena urtarrilaren erdialdean egingo dute antolatzaileek.

Jaialdia Mendizabalan egingo da, 2026ko maiatzaren 15ean eta 16an, eta bi eszenatoki nagusi eta karpa bat musika eta programazio propioarekin izango ditu. Musika gune ezberdinak izango dira, estilo eta giro anitzekin, baita janari guneak ere, bisitariek atseden hartu eta indarrak berritzeko.

Sarrerak asteartean jarriko dira salgai, abenduaren 16an, 10:00etan, https://www.batbatean.eus/ webgunean. Lehen 1.000 sarrerek 40na euroko prezioa izango dute, eta ondorengoek 45na eurokoa. Sarrerak agortzean, hurrengo prezio tartea aktibatuko da.