Síguenos en redes sociales:

Arriaga Antzokiak Opari Txartela jarri du salgai aurten ere

Arriaga Antzokiak Opari Txartela jarri du salgai aurten ereUtzitakoa

Bilboko Arriaga Antzokiak Opari Txartela jarri du salgai aurten ere, arte eszenikoen aldeko pasioa sustatzeko eta ikus-entzuleei antzokira joatea errazteko asmoz, eta antzokiaren informazio bulegoan edo txarteldegietan eskura daiteke. Txartela erosten duenak 2026ko ekainera arteko denboraldiko antzerki, musika, opera edota dantza ikuskizunez gozatu ahal izango du, antzokiko arduradunek adierazi dutenez.

Modu honetan, Arriaga Antzokiak errepikatu egin du 2013ko Gabonetako kanpainetan martxan jarri zuen ekimena, eta, izandako arrakastaren ondorioz, hamahirugarren urtez jarraian abiatu du. Kanpainak helburu berberari eusten dio, hau da, ahalik eta pertsona gehien antzokira erakartzea eta harrobia egiten jarraitzea, adiskideak gehituz.

Opari Txartelaren bi modalitate daude: batek 40 euroko saldoa du, eta besteak 100 eurokoa. Bi aukeretako edozeinek ematen du denboraldi honetarako Arriaga Antzokiko sarrerak erosteko aukera (saldoa agortu arte). Horrela, erositako sarrerek %25era hel daitezkeen beherapenak dituzte lehen unetik.

Horrez gain, Opari Txartela duenak beste abantaila bat ere badu, saldoa agortu ondoren, Arriagako Adiskide karneta dohainik lor baitezake. Karnet horren titularrak sarrerak beherapenarekin erosten jarraitzeko eskubidea eta bestelako zenbait abantaila izango ditu 2026ko ekainera arte.

Opari Txartelaren saldoa amaitu ondoren karneta dohainik lortzeko, nahikoa izango da antzokiko informazio bulegora hurbiltzea eta Opari Txartela aurkeztea.

Opari Txartelak sarreren prezioan abantailak dituzten eskaintzak ematen ditu, balio osoa amaitu arte (40 edo 100 euro, modalitatearen arabera). Arriaga Antzokiko txarteldegietan erabil daiteke, baita sarean egiten den edozein erosketatan ere (www.teatroarriaga.eus). Sarrerak Internetez erosteko, Opari Txartelaren jabeak txartel bakoitzean dagoen kodea sartu beharko du.