Barnahus sexu abusuen biktima izan diren adingabeei arreta integrala emateko EAEko lehen zerbitzua abian da Gasteizen
Gasteizko Barnahus mota horretako lehenengo zentroa da EAEn, Arabako adingabeak artatuko ditu eta etorkizunean beste lurralde batzuetan ezartzeko erreferentzia izango da
Barnahus sexu abusuen biktima izan diren ume eta nerabeei arreta integrala emateko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lehen zerbitzua jarri da martxan ostegun honetan Gasteizen, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez.
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak aurkezpenean nabarmendu du Barnahusek sortzen duen inpaktua "oso positiboa" da. "Katalunian ikusi ahal izan denez, non 14 Barnahus zentro dauden irekita, eredu horrek erakundeen erantzuna hobetzen du, trauma osteko estresa murrizten du eta oinarrizko eskubideak bermatzen ditu", azaldu du.
Barnahus ereduak adingabeen trauma murrizten duela txalotu du Melgosak, hainbat erakunderen arteko deklarazio edo joan-etorri ugari saihesten baititu. "Arreta integral eta koordinatuak erakundeen erantzuna arinagoa, eraginkorragoa eta gizatiarragoa izatea bermatzen du", gaieratu du.
Barnahus (Haurtzaroaren Etxea, islandieraz) sexu indarkeriaren biktima diren umeen arreta ulertzeko modu berri bat da: adingabearen interes gorena ardatz duen eredua da, berriz biktimizatzea saihesten duena eta haren ongizatea lehenesten duena.
Horrela, lehen aldiz, gizarte, osasun eta polizia zerbitzuek, baita zerbitzu judizialek ere, gune berean egiten dute lan, haurtzarora egokitutako ingurune atsegin eta seguru batean.
Gasteizko Barnahus mota horretako lehenengo zentroa da EAEn, Arabako adingabeak artatuko ditu eta etorkizunean beste lurralde batzuetan ezartzeko erreferentzia izango da. Abian jartzearekin batera, sexu indarkeriaren biktima diren haurren babeserako eta laguntza osorako etapa berri bat hasiko da.