Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak 125.000 edalontz berrerabilgarri prestatu dituzte Blusaren eta Neskaren Eguna eta Andre Maria Zuriaren jaia direla eta, Plastikorik ez kanpainaren baitan, eta jai are jasangarriagoak lortzeko.

Azken helburua da herritarrei erabilera bakarreko plastikozko edalontzien ordez berrerabilgarriak erabiltzeko aukera eskaintzea, eta ostalaritzako establezimenduei hori lortzeko behar dituzten bitartekoak ematea, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez.

Horrela, aurten 125.000 edalontzi berrerabilgarri jarriko dira zirkulazioan, iaz baino %25 gehiago, eta orain arte, 60 tabernak eman dute kanpainan parte hartzeko izena. Oraindik ere irekita dago kanpaina, eta, beraz, erakunde sustatzaileen iritziz, gainditu egingo dira aurreko edizioetako atxikimenduak.

Jaiegunetan berrerabil daitekeen edalontzia bultzatzeko apustua 2019an jarri zen abian, gaika bildutako tona hondakinen ehuneko handi bat plastikozko ontziei zegokiela egiaztatu ondoren. Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren elkarlanak herritarrak sentsibilizatzea du helburu, kontsumitzeko orduan ostalaritzaren inplikazioa ere lortu dadin.

Edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeak ingurumen inpaktua murrizten du, uste baita berrerabil daitekeen edalontzi bakoitzak erabilera bakarreko plastikozko bost edalontzi baino gehiago kontsumitzea saihesten duela.

Kanpainak irekita jarraitzen du eta parte hartzea oso erraza da ostalaritzako establezimenduentzat: edalontzi berrerabilgarriak eskatu besterik ez dute egin behar. Doakoak dira, eta litro erdikoak edo katxiak izan daitezke. Antolatzaileek edalontzi zikinak bildu, doan garbitu eta berriro emango dizkiete, berriro erabil daitezen.

Bezeroentzat ere erraza da dinamika. Lehenengo edariarekin batera euro bat utzi beharko da, kanpainari atxikitako ostalaritza lokaletako edozeinetan, edalontzia eskuratzeko. Edalontzia nahi duten bakoitzean aldatu dezakete, eta erabat higienizatutako berria eskuratu. Eguna amaitzean, euroa berreskuratu dezakete, edalontzia itzuliz gero.

Vital Fundazioak eta Udalak bultzatutako 'Plastikorik ez' kanpaina Gasteizko auzo eta administrazio batzarretara ere zabalduko da. Gainera, Vital Fundazioa kanpaina lurraldeko hainbat herritara hedatzen ari da.