Bilboko Udalak abuztuaren 16tik 23ra Aste Nagusian Abandoibarrako eta Europa parkeko agertokietan izango diren musika talde eta artisten berri eman du, eta horien artean daude Coque Malla, Rozalen, Gatibu, Shinova, Alcalá Norte, Sorotan Bele + Bilboko Udal Musika Banda, Mocedades + Bilbao Orkestra Sinfonikoa edota Janus Lester, besteak beste.
Itziar Urtasun Berdintasun eta Jai zinegotziak azaldu ditu astelehen honetan espazio horietan entzun ahal izango den musikaren xehetasunak, eta berarekin batera egon dira Gabriel de la Rosa eta Erlantz Prieto Shinova taldeko kideak eta Jokin Pinatxo Janus Lester taldeko kidea.
"Gure agertokietan ikusiko duzuen artisten hautaketa ez da kasualitatea. Mimoz bilatu dugu publikoari gustatzen zaionaren eta eskaini nahi dugunaren arteko oreka, hiri ireki, plural, irisgarri eta askotarikoa garen heinean", adierazi du Urtasunek.
Aste Nagusiko musika egitaraua diseinatzeko kontuan hartu diren irizpideetako batzuk diren azaldu ditu. Nabarmendu du Bilboko Udalak "musika programazio berdinzale eta euskaldunaren aldeko apustua" egin duela: "Emakumeak agertokian, euskararen presentzia, bertoko artistak, euskaldunak, finkatuak eta sortzen ari direnak, eta publiko guztien arreta erakarriko duten estiloak", gaineratu du.
Horrela, Abandoibarran izango dira Kai Nakai (abuztuak 16), Janus Lester + Dupla (17), Coque Malla (18), Bilboko Udal Musika Banda + Sorotan Bele (19), BOS + Mocedades Abuztuak (20), Alcalá Norte (21), Shinova (22) eta Linaje (23). Emanaldi guztiak 23:30ean hasiko dira.
Era bereab, Europako parkeo oholtzan izango dira Rozalen (20), Gatibu Gaztearekin (21), Los 40 Sessions Aste Nagusia Dani Moreno 'El Gallo' eta David Alvarez DJekin (22) eta DJ Megastar FM Nils Van Zandt, Chema Rivas, Kuve eta J Kabellorekin (23).