Gasteizko BIZAN zentroen Platika espazioak beste solasaldi bat eskainiko du ekainaren 24an, herritar guztiei zabalik, 'Gizarte polarizatua, ba al dago elkarrizketarako lekurik?' izenburupean da. Europa jauregiko Green Capital aretoan egingo da, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, Platika BIZAN zentroek bultzatutako Zahartze Aktibo eta Osasungarriaren Proiektuaren barruan dago, eta Asier Gallastegi gizarte hezitzaile eta psikoterapeuta eta Antonio Lopez Soziologian eta Filosofian doktore eta UNEDeko katedraduna izango dira topaketaren gidariak. Egungo gizartean herritar guztiei eragiten dieten "egoera beroak" daudela izango da abiapuntua.

Aukeratutako gaia gizartearen polarizazioa da. Sare sozialek, berri faltsuek, zurrumurruek, komunikabideek eta diskurtso politiko jakin batzuek indartzen dute zatiketa, ia edozein gaitan baten edo bestearen alde jartzera bultzatuz. Horrela, alde bateko kide izateko etengabeko presioa sortzen da, hausnarketarako edo ñabardurarako leku gutxi utziz.

Dinamika horrek bizikidetza eta elkar ulertzea zailtzen ditu, eztabaida iritzi-borroka bilakatzen baita, truke eraikitzaile bilakatu ordez. Egoera horren aurrean, aurreiritzirik gabe entzun, ulertu eta eztabaidatu ahal izateko elkarrizketarako guneak sortu behar dira.

Horrela, hainbat gairi buruz hausnartuko da: polarizazioa zer den, nola sortzen den, emozioek zer rol duten eta hitz egiteko gaitasuna nola berreskura daitekeen.

Saioa 17:30ean hasiko den eta 'streaming' bidez ere jarraitu ahal izango da, nahi izanez gero, BIZANen San Kristobaleko eta San Martingo zentroetan.