Euskaltzaindiak Andima Ibinagabeitiaren artxiboak kontsultagarri jarri ditu bere webgunean. Haren artxiboak balio berezia du frankismo garaiko euskaltzaletasunaren testigantza gisa, Akademiak jakinarazi duenez.
Andima Ibinagabeitia (Elantxobe, Bizkaia, 1906 - Caracas, Venezuela, 1967) idazle, itzultzaile eta euskaltzain urgazlea izan zen. Espainiako gerra zibilaren ondorioz erbesteratu egin behar izan zuen eta atzerrian gauzatu ziren bere lan ia guztiak.
Ibiñagabeitiaren familiak 2000. urteko urrian eman zion artxiboa Euskaltzaindiari, Akademiaren egoitzan eginiko ekitaldian, Bilbon. 2006an, Euskaltzaindiak idazlea omendu zuen bere sorterrian, Elantxoben. Egun berean, Ibinagabeitiarekin batera omendu ziren Imanol Berriatua idazle eta euskaltzain urgazlea eta Gorgonio Renteria politikari eta idazlea.
Sei ataletan banatu da Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daitekeen funtsa: 'Gutuneria', jaso eta erantzundako gutunak; 'Kazetaritza', Euskadi Irratia, Alderdi, Euzko Gogoa, Irrintzi eta bestelako hedabideetarako landutako artikuluak; 'Itzulpengintza' idazle klasikoen lanen itzulpenak (Ovidio, Virgilio...); 'Jon Mirande' idazlearen lanak eta berarekiko gutuneria mamitsua; 'Editore lanak', editore lanetan hainbat egilek bidalitako lanak; 'Saski-Naskia' orotariko dokumentuak.
Bestalde, URA Uraren Euskal Agentziak Zubitxo erreka leheneratu du Lezon (Gipuzkoa), Lopene plaza zeharkatzen duen zatian, hain zuzen ere. Lanek 118.383,59 euroko aurrekontua izan dute (BEZ barne), eta lau hilabetean gauzatu dira.
URAk jakinarazi duenez, 117 metroko tarte zuzen batean egin da lana: ibilguko hormigoizko ohantzea induskatu, ertzeko erriberako harri lubeta kendu, trazadura naturalagoa bihurtu -meandroak gehituz-, eta erriberako bertako espeziekin bi ertzetan birlandaketa.