Gasteizko Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzuak inkesta bat egingo du urtarrilean eta otsailean zehar Abetxuku auzoko bizilagunen osasunean eragina duten bizimodu eta egoera sozialen inguruan, eta 250 pertsona elkarrizketatuko ditu adinaren eta generoaren arabera, modu proportzionalean.
Gasteizo Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, ikerlanaren helburua da auzotarren elikadura ohiturak, jarduera fisikoa, erabiltzen dituzten ohiko garraiobideak eta lo egiteko ohiturak ezagutzea.
Aztertuko diren beste alderdi batzuk izango dira legezko substantzien kontsumoa, hala nola alkohola, tabakoa eta psikofarmakoak, auzoko ingurune soziala eta hiritarra, ongizate emozionala eta auzotarren babes soziala.
Inkestatik lortutako informazioari esker, Gasteizko Udalak Abetxukuko herritarren osasuna modu eraginkorrean hobetzen lagunduko duten ekintzak diseinatu ahal izango ditu ondoren. Lortutako datuak erabat anonimoak eta konfidentzialak izango dira.
Proiektua esperientzia pilotua izango da, eta ondoren beste auzo batzuetara zabalduko da. Gasteizko 2024ko Gazte Enplegurako Udal Planaren barruan kontratatutako pertsonak arduratuko dira egiteaz.
Bestalde, SPRI Taldeak kudeatzen duen Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren 'Deskarbonizazio Industriala' programak 58 enpresari lagundu die inbertsio publikoko 17,6 milioi eurorekin eta beste 85,6 milioi euro lortu ditu inbertsio pribatuan 2024an. Ondorioz, proiektuko batez besteko diru laguntza 303.000 eurokoa izan da.
Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutene, onartutako proiektu horietatik 16tan eguzki panel fotovoltaikoak gehitu dituzte. Gainera, %82 eraginkortasun energetikoko proiektuetara bideratu da, %15 elektrifikaziora eta %3 eraginkortasun energetikoko eta elektrifikazioko proiektuetara.
BESTE DATU BATZUK
Forjaketa eta galdaketa, siderurgia eta metalurgia, beira fabrikatzaileak, makina erremintaren fabrikatzaileak, paper fabrikak, petrolio finketako fabrikak, ekipo elektrikoen fabrikatzaileak, alkoholik gabeko edarien fabrikatzaileak, osagai aeronautikoen fabrikatzaileak, mekanizazio enpresak, plastikozko piezen fabrikatzaileak eta balorizazioko eta birziklapeneko enpresak izan dira onuradun nagusiak.
Beren ekoizpen instalazioak berotegi efektuko gas gutxiago sortuko dituzten espazio bihurtzeko asmoz 58 enpresok beren prozesuetan abiatutako prozesuei esker, erregaien kontsumoa gutxitu ahal izango da hamar urtean: 1.232.580 MWh elektrizitatean, 1.106.379MWh gas naturalean, 2.105.000 litro fuel olioan eta 7.100.000 litro gasolioan.