Gasteiz Euskararen Hiria ekimena egingo da 12 orduz jarraian urriaren 19an Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, jai giroan eta haurrei, gazteei, helduei eta familiei zuzendutako euskarazko 13 jarduera izango dituen egitarauarekin.
Helburu nagusia da euskarari eta egunero euskararen normalizazioaren alde lan egiten dutenei balioa ematea. Horregatik, euskaraz hitz egiten dutenei, euskara ikasten ari direnei edo, besterik gabe, euskaraz giro euskaltzalean eta jai giroan gozatu nahi dutenei zuzenduko zaizkie ekintzak.
Ekimenari buruzko xehetasunak eman dituzte prentsaurrekoan Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Euskara zinegotziak, Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak eta Uxue Alonso GEU elkarteko koordinatzaileak. Udal gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioan sartuta dagoen ekimena da.
Nanclaresek azaldu duenez, Gasteiz Euskararen Hiria jardueraren bidez, "euskara ulertu bai baina baina solturaz komunikatzeko gai ez direnek euskara menderatzen duten pertsonekin espazioa eta esperientziak partekatu ahal izango dituzte".
Hain zuzen ere, Euskara zinegotziak zehaztu duenez, Gasteizko biztanleen ia %30ek menderatzen du euskara, hau da, duela hamar urte baino ia %7,5 gehiagok.
Urriaren 19ko programazioa publiko guztiei zuzenduta dagoela eta era guztietako jarduerak izango dituela nabarmendu du Nanclaresek, besteak beste, lantegiak, antzerkia, jolasak, kirol ekintzak eta kontzertuak euskaraz.
Bestalde, Uriartek azaldu duenez, "azken finean, euskara ahalik eta eremu gehienetan eta anitzenetan sustatu nahi dugu. Gasteiz 'Euskararen Hiri' bihurtu nahi dugu, gure hizkuntza eremu akademikotik harago kalera ateraz eta denona eginez".
"Ospatzeko eguna izango da, euskara ospatzekoa, eta egunez egun hizkuntza honen erabilera sustatzen, indartzen eta hauspotzen dutenei eskerrak emateko eguna. Era berean, euskara Gasteizko erdigunera eraman nahi dugu modu metaforiko zein praktikoan eta, horretarako, urriaren 19an programazio anitza eta aberatsa izango dugu", esan du.