Gasteizek eta Arabak Turismoko Nazioarteko Azokan (Fitur) kirol arloko turismogune eta turismo aktiborako toki gisa duten profila indartuko dute bertako kirolarien eskutik: Martín Fiz eta Ruth Brito atletak, eta Igor González de Galdeano txirrindularia. Foru Aldundiak eta Udalak Arabako kirol arloko pertsona ospetsu horiekin batera aurkeztuko dute 2024ko proben egutegia. Aurten, besteak beste, honako hauek izango dira: Ironman, La Vuelta, Martín Fiz maratoia eta Graveleko The Wolf Race lasterketa.
Gainera; bi erakundeek Fiturren ezagutaraziko dituzte hiriko eta lurraldeko enbaxadore turistiko berriak.
Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoaren zinegotziak, Maria Nanclaresek; eta lehenengo diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru-diputatuak, Cristina Gonzálezek, gaur aurkeztu dituzte prentsaurreko bidez Arabak eta Gasteizek Fiturrera eramango duten eskaintzaren ildo nagusiak. Fiturrek aurten 44. edizioa beteko du eta 152 herrialdetako turismoguneak, 9.000 enpresa eta 800 erakusketari baino gehiago bilduko dira.
Nanclaresek eta Gonzálezek Gasteiz eta Araba “natura zoragarria, ondare historiko hunkigarria, lehen mailako enogastronomia eta jaialdi eta ekitaldien egitarau oparoan oinarrituta dagoen eta bidaiari mota guztientzako kalitatezko eskaintza jasotzen duen turismogune jasangarri gisa” posizionatzeko garaian turismo-sustapeneko estrategia modu eraginkorrean garatu ahal izateko erakunde arteko koordinazioak duen “garrantzia” azpimarratu nahi izan dute.
Hala, eta elkarrekin bideratu beharreko lan-esparru horren baitan, urtarrilaren 24an, asteazkenean, hiriak eta lurraldeak 2024an zehar egingo dituzten kirol-ekitaldien egutegia Fiturren aurkeztuko dutela iragarri du. Egutegi horren leloa izango da ‘Viaja al deporte. Ven a Álava y Vitoria-Gasteiz’ (Bidaiatu kirolera. Zatoz Arabara eta Gasteizera). Ekitaldi horretan izango dira Martín Fiz, Maratoian mundu-txapeldun; Igor González de Galdeano, La Vuelta lasterketan bi etapa irabazi zituena eta Tourrean hainbat egunez maillot horia jantzita izan zuena; eta Ruth Brito, Triatloiko munduko txapelduna.