Berdintasuneko zinegotziak, Ana López de Uraldek, Gasteizko Ahalduntze Feministarako Eskolaren 2023-2024 ikasturtearen inaugurazioan hartu du parte. Ekitaldia Felix Petite antzokian egin dute eta Virginia Woolfen Orlando antzerki-lana antzeztu dute bertan.
Badakizu zein den zure lekua lelopean, Berdintasun Zerbitzuak 76 jarduera eskainiko ditu irailetik maiatzera bitartean eta Emakumeen Etxean eta Arabako hiriburuko beste toki batzuetan egingo dira. Programazioaren barruan konferentziak, arte eszenikoak, literatura, zinema eta musika izango dira.
“Gaurkoan hemen, Felix Petite antzokian, elkartu gara Virginia Woolfen ‘Orlando’ antzerki-lanaz gozatzeko. Woolf idazle aitzindaria izan zen eta gaur egun gaurkotasun osoa duten gaietan jarri zuen arretagunea: generoa, nortasuna, bizitza, maitasuna, edertasuna edo arau sozialak”, adierazi du zinegotziak.
“Idazle britainiarrak egindako gogoeta guztien artean, bat nabarmendu nahiko nuke: ‘Historiaren zati handienean, ‘Anonimoa’ emakume bat zen.’ Zorionez, gaur egun, emakumeok gure lanak sina ditzakegu”, adierazi du López de Uraldek. Hala, txalo-zaparrada eskatu du “historiako “anonimo” haien guztien alde” eta ikusleek aho batez erantzun diote horri.
Ikerketa feministako lanen IV. lehiaketa
Ahalduntze Feministarako Eskolak antolatutako jardueren artean, aipatu beharrekoa da irailaren 27an, asteazkenean, amaituko dela Ikerketa Feministako Lanen IV. Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Egitasmoa EHUko Gizonen Berdintasunaren gaineko Masterra: Berdintasun Agenteak izeneko masterrarekin elkarlanean antolatu dute.
Ekimen berritzailea da, eta ezagutza eta ikerketa feminista sustatzea du xede, Gasteizen ahalduntze feminista lortzen laguntzeko.
Epaimahaiak bi proposamen aukeratuko ditu eta bakoitzak 4.800 euroko saria izango du.