Arabako enpresek tresna berri bat dute euskara sustatzeko: Eskuara. Arabako parke teknologikoan aurkeztu dute Eskuara proiektua, eta bere helburua da 50 langile baino gehiago dituzten Arabako enpresetan euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza berdintasuna bultzatzea. Lanabes programaren barruan sortu den egitasmoa da, eta une honetan, Eskuara proiektuarekin bat egin dute bi enpresek, eta aurkezpen ekitaldian egon dira: Aenkomer eta Sirimiri. Dena den, ekimena handitzen joatea da helburua, eta 2024 urte amaierarako 25 enpresetara iristea aurreikusten da.

Enpresekin batera izan dira gaurko aurkezpenean proiektua bultzatu duten erakundeetako ordezkariak. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatu Jone Berriozabal eta Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzi Maria Nanclares. Eskuarak bat egiten du Eusko Jaurlaritzak bultzatuta abiatu zen Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko 2020-2023 plana-rekin, eta Araban euskararen erabileran urrats berriak emateko helburua du. Euskara lan eremuan baliatzeko metodologia eta ekimen berriak sortuko dira proiektu honi esker.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak proiektuaren garrantzia nabarmendu du: “Araban Lanabesen baitan sortu berri dugun Eskuara programak zehaztu egiten du gure lan eta lankidetza esparrua. Jarduera ekonomikoan eragiteko lur eremua zehaztu dugu, eta horrek lagunduko digu eraginkortasunean, Euskal Autonomia Erkidego mailan dugun planari zehatzago erantzuten eta epe labur zein urrunagorako helburuak jarri zein tresnak ezartzen”. Dobaranek gaineratu duenez “aurretik egindako bideak eraman gaitu honaino eta Eskuara enpresei zerbitzua emateaz harago, enpresa sare eta lankidetza komunitatea eratzeko aukera bat izango da, erakundeek babestua”.

Jone Berriozabalek proiektuaren izenari egin dio erreferentzia bere hitzaldian: “Gerardo López de Guereñuren Voces alavesas izeneko lanean, gaztelaniak euskaratik jasoak zituen hainbat eta hainbat hitz biltzen ziren, ohiko jardueran baliatzen ziren hitzak, eta egun galzorian daudenak. Horien artean Eskuara, oraindik ere landa eremuan bakan batzuek aipatzen duten eskuarea. Ba, euskarazko harri-bitxi zaharrei erabilera berriak eman eta hementxe dakarkizuegu, gure eskuarea: Arabako enpresak euskaraz batu daitezen, eta guztion artean euskararen aldeko esperientziak bildu, jaso, eta jorratzeko. Arabako esparru sozioekonomikoko kide are gehiagorengana iristeko. Euskara xede, eskuara bide”.

Maria Nanclaresek Eskuara proiektuak Gasteizi eskainiko dion balioaz hitz egin du: “Eskuara proiektua aukera paregabea da Gasteizko 50 langile baino gehiagoko enpresentzat. Katalogo bat emango diegu, euskara sustatzeko hainbat zerbitzurekin, besteak beste: prestakuntza, itzulpen zerbitzua eta aholkularitza teknikoa. Arabako hiriburuko Udalarentzat ere abantaila da, hiriko ekoizpen sarearekin aliantzak sortzeko, eta industriarekin, zerbitzuekin eta merkataritzarekin lankidetza-bide berriak irekitzeko aukera ematen digulako”.

Proiektuan parte hartuko duten enpresek Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza zerbitzuaren laguntza izango dute. Hizkuntzen kudeaketari dagokionez, enpresekin honako bidea egingo da: beren egoera eta beharren oinarrizko argazkia egiten lagunduko zaie, eta beharren zein aukeren arabera, euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntza berdintasuna bultzatzeko konpromisoak hartuko dituzte. Ondoren, Ahize-AEK-k aipatu helburuak betetzen lagunduko die enpresei honako eremuetan eraginez: hizkuntza paisaian, komunikazioan, zerbitzuan, harreran, ingurune digitalean, langileen arteko harremanean, lan esparruarekin lotutako euskarazko terminologian, ikasleen praktikaldian...

Proiektuan parte hartzeko baldintza bakarra dago: enpresak bere behar eta neurrira egokitutako konpromisoak hartzea eta betetzea. Horretarako, Arabako Foru Aldundiarekin hitzarmen bat sinatuko dute.

Eskuara ez da ezerezetik sortu. Proiektu berria den arren, Arabako enpresek euskararen erabilera bultzatzeko jarduna ez da berria, enpresa askok pausu garrantzitsuak egin baitituzte azken urteetan lan-munduan euskararen erabilera normalizatzeko. Eskuara, egiteko horretan laguntzera dator, bere esanahiak dioen moduan, konpromiso zehatz eta lorgarriak eskuratzeko, komunitatean metatzeko eta partekatzeko lanabesa izango da.