Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 2022ko BPG nominala 2019ko BPGa baino % 8,5 handiagoa izan da, Eustatek egindako eta argitaratutako azken txostenaren arabera.
Hala, eta ildo beretik jarraituz, Euskadiko barne-produktu gordina (BPGa) % 0,4ko igo da 2023ko bigarren hiruhilekoan aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta urtetik urterako igoera, berriz, % 1,5era iritsi da. Enpleguak (dedikazio osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta), bestalde, % 0,7ko igoera izan du 2023ko bigarren hiruhilekoan urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, eta urtetik urterako igoera, berriz, % 1,5era iritsi da. Hortaz, 2022ko bigarren hiruhilekoan baino 14.270 lanpostu garbi gehiago izan dira.
Zenbatespen horiek landu diren unean eskuragarri zegoen informazio ekonomiko koiuntural guztia biltzen dute, eta Eustaten uztailaren 17ko Hiruhileroko Kontuen Aurrerapenean lortutako zenbatespenak baino hamarren bat txikiagoak izan dira, bai hiruhilekotik hiruhilekora, bai urtetik urtera. Enpleguaren aldakuntza zenbatetsiek, berriz, ez dute aldaketarik izan. Halaber, 2021. eta 2022. urteetarako urteko agregatuen berrikuspenak gaineratu dira, eta, haien arabera, BPGak % 6ko hazkunde erreala izan du 2021ean, eta % 5,4koa 2022an. Berrikuspenak eraginpean hartu ditu, halaber, termino nominaletan agregatuak. 2022ko BPG nominalaren datuak COVID-19aren aurrekoekin alderatuta, 2022ko BPGa 2019koa baino % 8,5 handiagoa izan da.
"Euskal AEko BPGak bigarren hiruhilekoan izan duen urtetik urterako igoera zenbatetsia (% 1,5) Euroguneko ekonomiarako egindako azken zenbatespena eta Europar Batasunerako egindakoa baino handiagoa izan da (% 0,5 eta % 0,4, hurrenez hurren). Uztailaren 28ko Espainiako Hiruhileroko Kontabilitate Nazionalaren Aurrerapenaren arabera, Estatuan % 1,8ko igoera izan da", azaltzen dute txostenean.
Eskaintzaren ikuspuntutik, balio erantsiaren bilakaera ez da homogeneoa izan urtetik urterako terminoetan (2023ko bigarren hiruhilekoa, 2022ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta).
Lehen sektorearen balio erantsiak % 6,7ko beherakada izan du termino errealetan iazko hiruhileko berarekin alderatuta, eta % 1,3koa aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Industriaren sektorean, balio erantsiak % 0,5eko beherakada izan du urtetik urtera, eta, manufaktura-industriaren kasuan, jaitsiera % 0,3koa izan da. 2023ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, industriak % 0,6ko beherakada izan du, eta manufaktura-industriaren kasuan, jaitsiera % 0,2koa izan da.
Eraikuntzaren sektorean, berriz, 2023ko bigarren hiruhilekoan, balio erantsiak % 4,2ko igoera izan du urtetik urtera termino errealetan, eta % 1,2ko igoera aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Zerbitzuen sektorean, jarduera globala % 2,1 hazi da 2022ko hiruhileko berarekin alderatuta, eta balio erantsiak % 0,4ko igoera izan du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Azken hiruhilekoan, zerbitzuen sektoreak portaera positiboa izan du bereizitako hiru adarretan. Merkataritza, ostalaritza eta garraioaren adarraren balio erantsiak % 2,9ko igoera izan du iazko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 0,4ko igoera aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Urtetik urterako igoera txikiagoa izan da Gainerako zerbitzuen adarrean (besteak beste, higiezin-jarduerak, lanbide-jarduerak, jarduera zientifikoak, jarduera teknikoak, finantza-jarduerak eta aseguru-jarduerak barne hartzen ditu), % 1,4ko igoera izan baita urtetik urtera; aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, % 0,3ko igoera gertatu da.
"Herri-administrazioaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen adarrean, % 0,4ko igoera izan da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Balio erantsiak 2022ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta izan duen igoera, berriz, % 2,1ekoa izan da", ondorioztatzen da aipatutako txostenean.