Eustaten datuen arabera, Merkataritza sektorea, zeinak Handizkako merkataritza, Txikizkako merkataritza eta Ibilgailu motordunen salmenta eta konponketa barne hartzen dituen, % 3,0 jaitsi da urtetik urterako balioetan 2023ko bigarren hiruhilekoan, prezio konstanteetan eta egutegiaren eraginak kendu ondoren.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, dagozkion urtaro-eraginak kenduta, salmentak % 1,5 jaitsi dira 2023ko bigarren hiruhilekoan.
Merkataritzaren barruan, salmenten urtetik urterako bilakaera positiboa izan da, bai Ibilgailu motordunen salmenta eta konponketaren sektorean (% 3,0ko hazkundea), bai Txikizkako merkataritzaren sektorean (iazko bigarren hiruhilekoan baino % 1,1 gehiago). Handizkako merkataritzaren sektorean, ordea, salmentak 2022ko bigarren hiruhilekoan baino % 6,9 txikiagoak izan dira, prezio konstanteetan eta egutegiaren eraginak kendu ondoren.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, dagozkion urtaro-eraginak kenduta, atzerakada gertatu da bai Ibilgailu motordunen salmenta eta konponketan, bai Handizkako merkataritzan, hiruhilekotik hiruhilekora % 2,0ko eta % 1,9 jaitsi baitira, hurrenez hurren.Txikizkako merkataritzaren azpisektorean, ordea, salmentak % 0,5 igo dira aurreko hiruhilekoaren aldean.
Lurralde historikoak aztertuta, Merkataritza sektore osoan, Araban eta Bizkaian, urtetik urterako salmentak % 5,3 eta % 4,3 jaitsi dira, hurrenez hurren, prezio konstanteetan. Gipuzkoan, aldiz, salmentak % 0,5 igo dira.
2023ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, salmentak % 3,3 jaitsi dira Araban, eta % 2,2 Bizkaian. Gipuzkoan, aldiz, salmentak % 0,6 igo dira hiruhilekotik hiruhilekora.
Euskal AEko Merkataritza sektoreko landunen indizea % 1,4 igo da 2023ko bigarren hiruhilekoan, 2022ko bigarren hiruhilekoaren aldean. Urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, % 0,3 hazi da.