Artziniegako alde historikotik jaitsi eta «Arteko Gure Ama» ikastola eta udal igerilekuen artean kirol gunea topatzen dugu. Klaseak amaitu berri dira gaur eta ikastolaren inguruan zenbait ume elkartzen dira jolasten, gurasoak solasean aritzen diren bitartean. Gero eta neska-mutil gehiago, «Artzikirol» hitza idatzita duen elastiko laranjaz jantzita, elkartzen dira kiroldegiko atean.

Taldeak

Arratsaldeko 17.45ak dira eta Artzikirol taldeak antolatzen duen kirol anitza jardueraren lehenengo txandaren ordua da, 5 eta 8 urte bitarteko 34 kirolari gazteren txanda. Hurrengoan, ordubete geroago, beste 44 kirolari gehiagoren txanda izango da, 9 eta 13 urte bitartekoak. Talde honen ostean 16 urtetik gorakoek, beste 26 kirolari, itxiko dute jardunaldia gaurkoz.

Txikienak, arratsaldeko lehenak, kirol anitzean arituko dira haien txandan zehar, eta azken 20 minutuetan herri honetan jaio den artzikirol kirolaren partidua izango dute. Orduak eta taldeak aurrera egin ahala kirol berri honi eskainitako denbora luzatuko da: «Nagusiek egiten dute ordu eta erdiko entrenamendua artzikirolean bakarrik, baina gazteenekin multi kirola egiten dugu beste kirolak ezagut ditzaten», azaldu digu Izaro Ramosek. Izarok 18 urte ditu eta 5 urteekin hasi zen artzikirolean jolasten. Orain monitorea da kirol anitza eta artzikirol jardueretan José Ramón Rey —kirol hau asmatu zuena— eta beste monitoreekin batera.

Kirol anitza

Artziniegak eskaintzen duen inguru naturalak ahalbidetzen du, eguraldi onarekin, jarduerak kiroldegitik kanpo ateratzea. «Mendira joaten garenean sokak eramaten ditugu eta ibaiaren goiko aldean eskalada eta tirolina egiteko, eta udan joaten gara errekara ibilbideak egitera, arroila-jaitsiera antzekoak...», kontatzen digu Izarok.

Eta kiroldegian geratzekotan, José Ramonen irudimena eta eskarmentua jartzen dira martxan, bertan eskuragai dagoen guztia jolas bat egiteko aukera bilakatuz: koltxonetak, barandak, bulderra... dena da aproposa jolas berriak asmatzeko, umeen gozamenerako. «Jolasak, mendira joan, ibaira, beste kirolak... umeek guztia probatu behar dute, holan beraiek ezagutzen dute eta erabakitzen dute. Adibidez, egiten badugu parkour, eskalada... agian gustatzen zaie eta etorkizunean serioago praktikatuko dute», dio Izarok.

Artzikirol

José Ramonek 2007an sortu zuen, gazteen artean kirola sustatzeko. Berak oso harreman estua izan du beti kirolaren sustapenarekin eta praktikarekin, eta aditua da karatean, areto-futbolean, atletismoan eta frontenisean. Artziniegan kirol jardueren antolatzaile gisa hasi zen eta horretan jarraitzen du, areto futbolaren, eskubaloiaren eta errugbiaren ezaugarrietan oinarritzen den kirol hau bere eskaintzari gehituz.

Abiadura eta estrategiak dira joko honen funtsezko zati bat, eta aintzatespen handia lortzen ari da, bai herri mailan, bai mundu mailan. «Garrantzitsua da kirol mistoa dela eta ezin dela indarra erabili; ezin duzu bultzatu edo zangotraba egin. Artzikirolean ezin duzu kontaktu fisikoa izan harrapatzeko ez bada (jokalari batek baloia eskua daramalarik harrapatua izan daiteke), eta hori abantaila bat da, adibidez, txikia bazara» azaldu digu Izarok, eta kirol honen beste alde erakargarria azpimarratu du, «protagonista zara, zeuk botatzen duzu falta edo penaltia eta zeuk ateratzen duzu bandatik, ez entrenatzaileak erabakitzen duenak, eta hori umeei gustatzen zaie». «Oso kirol konpletoa da: indarra, abiadura, estrategia, kidetasuna... lantzen dituzu. Eta umeei, jokatzeko trebetasunak lortzen dituztenean, izugarri gustatzen zaie artzikitol partiduak jolastea», amaitzen du Izarok.

Artzikirolaz gehiago jakin nahi baduzue, araudi osoa interneten dago, eta taldearen informazioa Facebook eta Instagramen.