Ruben Perez eta Pablo Urtasun dira Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendari berriak
Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak arlo teknikoa handitu du eta Ruben Perez eta Pablo Urtasun kirol zuzendari izendatu ditu hurrengo denboraldirako. Biak Euskadi Fundaziora itzuliko dira horrela, aurretik txirrindulari profesionalak izan baitziren talde laranjan.
Taldeko arduradunen arabera, Perezek eta Urtasunek beren "eskarmentu handia" eskainiko dute Jorge Azanzaren gidaritzapean, eta Santi Barrancok osatuko du kirol zuzendarien multzoa 2025. urteko denboraldiari begira. Pello Olaberriak, aldiz, ez du jarraituko kirol zuzendari bezala, eta Euskadi Fundazioak eskertu egin dio bere ardura eta onena opa dio bere etapa profesional berrian.
Jorge Azanza, Ruben Perez eta Pablo Urtasun bost denboraldiz aritu ziren Euskaltel-Euskadiren maillotarekin, 2009 eta 2013 artean. Iñaki Isasi Euskadi Fundazioko presidentea ere izan zen haiekin, lehenik txirrindulari gisa, 2009 eta 2011 artean, eta ondoren zuzendari bezala.
Horrela, Euskaltel-Euskadik bere talde teknikoa zabaldu du "eskarmentu handiko bi zuzendarirekin", datorren denboraldiko erronkei aurre egiteko. 21 txirrindulariko multzoa sendotu egin da, proba eta eremu guztietan protagonista izateko, eta taldeak egutegiko lehiaketa egunak gehituko ditu, 2026an La Vueltako gonbidapenak jasotzeko aukera ematen duen Nazioparteko Txirrindularitza Batasunaren sailkapeneko lehen 30 taldeen artean sailkatzeko asmoz.
Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunaren hitzetan "laranjaz aritu diren bi taldekide ohi dira, lagunak eta, aldi berean, inguruko kirol zuzendari onenetako bi. Uste dut sendotasun handia emango digutela taldeari, eta ekarpen handia egingo dutela. Bi zuzendari prestatuak dira eta taldea oso ondo zuzenduta egongo da non-nahi, eta hori gehigarri garrantzitsua izango da. Pello (Olaberria) galtzea pena da, baina orain oso pozik gaude Ruben eta Pablo gurekin daudelako".
Hain zuzen ere, Ruben Perezek (1981, Zaldibar, Bizkaia) Euskadi Fundazioan egin zuen bere txirrindularitza ibilbide osoa, lehenik Orbea taldean (2005) eta 2006tik 2013ra Euskaltel-Euskadin. Kirol zuzendari gisa, Burgos-BH eta Euskadi Murias taldeetan eta Cafe Baque amateurrean egin du lan. Txirrindulari profesional gisa, Frantziako Tourreko zazpi edizio eta La Vueltako lau jokatu zituen, eta Espainiako Vuelta, Suitzako Tourra eta Eneco Tour bezalako lasterketetan garaipena eskuratzeko gertu izan zen.
Perezek ziurtatu du "oso pozik" dagoela "etxeko taldera" itzuli delako. "Euskadi Fundazioari esker, txirrindulari profesionala izan nintzen duela 20 urte, eta oso eskertuta egongo naiz beti. Aurten Iñaki Isasik deitu zidan eta taldea urtez urte gorenera eraman nahi dutela esan zidan, ilusioz beteriko lan ildoekin, eta ezin izan nion eutsi proiektuaren parte izan nahi izateari", esan du.