NI-a eta zu-a lantzen zituzten lanen ostean, Tupust! kolektiboak hirugarren komiki bilduma kaleratu du, bertan gu kontzeptua landuta. Sortu duten bildumaren azken alea izango dela jakinarazi dute. Lana eskuragarri dago jada haien plataforman, eta Euskal Herriko hainbat liburu-dendatan ere eskuragarri egongo dela aurreratu dute. Tupust! Kolektiboko kide da Ainara Azpiazu Axpi eta berarekin hitz egin dugu bildumaren azken haziaz.
‘Gu’-a bilduma honen hirugarren alea da, eta azkena. Zer aurkituko du irakurleak honetan?
Gaiei dagokienez, aurreko lanetan lan egin duten zenbait autorek jarraipena eman die aurretik egindako lanei. Beste batzuok, nahiz eta errepikatu dugun, beste gai bati heldu diogu, eta aldi berean, autore berriak ere badaude. Haien lan ildoari heldu diote azkenengo hauek. Nahiz eta elkarren kolaborazioak ez ikusi, gai batzuk antzeko modu batean landu dira. Badago amatasuna, badago naturarekin eta animalien munduarekin zerikusia duen gairik… Denetarik dago eta hori zen helburua, perspektiba ezberdinetatik lan egitea.
Lehenengo ‘ni’-a, gero ‘zu’-a, eta orain ‘gu’-a landu dituzue. Zerk ezberdintzen du azkena aurreko bi lanetatik?
Ikusi duguna izan da azkenean beste bi aleetan egindako lanagatik, hirugarren honetan eskarmentu gehiago izan dugula. Aurreko aleetan estandarizatu genituen zenbait prozesu, adibidez, aurre-salmenta, edo inprentaren epeak. Ezberdina izan da, errazagoak bihurtu ditugulako zenbait lan. Berriz ere, bi koloretan egin dugu lan, baina oraingo honetan horia eta morea izan dira koloreak. Kolaboratzaileak ere aldatu dira, 7 errepikatu ditugu eta gainon-tzeko guztiak berriak dira.
Eta gaiei dagokienez?
Gaiak “gutasunaren” ingurukoak izan dira, baina bakoitzak “gutasun” hori bere modura ulertu du. Aurreko aleei begira ez dakit berrikuntza bat izan den, bakoitzak gaia bere modura interpretatu zuelako. Estetikari dagokioenez ere, lanak oso ezberdinak dira, ez daude bi lan plastikoki nahasgarriak direnak. Hori ez da erraza eta uste dut hor aberastasun handia dagoela, lehen begirada batean zaila izango litzateke bi estilo nahastea. Autore bakoi-tzak oso identitate estetiko propioa duela argi gelditzen da.
Tupust!-etik esan dezakegu pertsonen hiru dimentsio (ni, zu, gu) landu dituzuela. Hasieran planteatutako helburuak bete dituzue?
Bai, helburu nagusia komikigintzan aritzen ginen zenbait eragile elkartzea eta gure lanak plazaratzea zen, eta hori bete da eta betetzen ari da. Gure artean saretzea ere osatu da, eta alde horretatik esango nuke helburu nagusia bete dela eta betetzen ari dela. Gainera, euskaraz aritzen gara, euskaraz argitaratzen dugu, eta hori ere aurrera eraman dugu.
Nolakoa izan da ‘gu’-aren inguruko ale honetan egindako lanaren prozesua?
Barne talde bat daukagu eta diseinatzen hasten garenean, izenak eramaten ditugu. Guk erabakitzen dugu izen zerrenda bat eta harremanetan jartzen gara haiekin kolaborazio bat egiteko: 4, 6 edo 8 orriko kolaborazioa. Neurriak ematen zaizkie, tintak eta gaia, eta norberak erabakitzen du gurekin lan egin nahi duen. Dena musutruk egiten dugu Tupust!-en, eta kolaboratzaileek ere musutruk egin dute lan. Ez da erraza komikigintzan lan egitea, eta jendeak oso ondo erantzuten du. Egia esan, alde horretatik, eskertzeko moduko ahalegina da.
‘Gu’-a ulertzeko modu unibertsal bat daukagula esango zenuke?
Uste dut irakurketa baldintzatuta dagoela harrapatzen gaituen momentuaren arabera eta gauza askoren arabera. Norberaren araberako baldintzak daude: momentu bitala, generoa, klasea… Denak baldintzatzen du zer eta zelan esaten dugun. Kultura, identitatea… Dena da gu-a, baina gu-aren esanahi unibertsala oso abstraktua iruditzen zait. Ez dut uste hori egiteko zilegitasuna duen inor dagoenik. Gu-ak berak subjektibotasun bat inplikatzen du.
Eta ‘gu’ hori ulertzeko modu anitz horietan, artistek zeri egin diote aurre?
Nik ezin dut gutaz hitz egin, nitaz hitz egin ahal dut. Niretzat haserre bat egon da, nik “gu” horretan animaliak eta natura sartu ditut badaukadalako haserre bat daukagun mundu-ikuskera antropozentrista horrekin, non gizakia denaren neurria den. Albo batera uzten ditugun beste izaki bizidun guzti horiek “gu” ere badirenak eta gu ere “haiek” bagarena. Iruditzen zait gure mundu-ikuskera oso murri-tza dela. Aurreko belaunaldiek mundu-ikuskera zabalagoa zuten, edo hori jaso dut nik etxean, eta horren falta sumatzen dut nik, mundua ulertzeko modu hori. Gure etxean naturaren inguruko gai horiek elkarrizketen iturburua ziren eta ikusten dut protagonismo hori galtzen ari dela, eta mina, haserrea eta pena sortzen dit horrek guztiak. Gu ere azeri bat gara edo zapelaitz bat.
Bilduma amaitutzat ematen duzue hirugarren ale honekin. Ze bide igaroko du orain Tupust! kolektiboak?
Ba ez dakit, oraingoz erabaki dugu azken alea izango dela eta gelditzen zaiguna da kaleratu berri dugun honi bide ematea. Aurrera begira, honi bukaera eman nahi diogu, eta horri eustea izango da hurrengo hilabetetako lana eta ikusiko dugu kolektiboak ze forma hartzen duen.