Pauso bat, beste bat eta atsedena. Pauso bat, beste bat eta atsedena. Luze egiten ari zait begi-bistan erraza zirudien muinorako igoera. Tartean-tartean topatzen ditudan Via Cruciseko irudiek ez didate behar dudan hausporik ematen.
Azken pausoa egin eta besoak altxatuz esan nezakeen: “Lortu dugu, Cerro Calvarioko 4.038 metroak igo ditugu!”. Baina ez dut esaten, lotsa emango lidake eta. Izan ere, mendixka honek eta bertatik ikusten denak, lehen kolpean, zerbait dirudite, baina ez da ezer. Mutur aurreran dugun itsasoa ez da itsaso bat, eta garaierari begira mendi handi bat dirudiena, koxkor bat besterik ez da.
Arnasik gabe uzten gaituen ikuspegia Titikaka lakuarena da. Egia esan, paisaia ez da hainbesterainokoa, baina laku ertzetik Cerro Calvariora iristeko egin beharreko 150 metroko igoerak 4.000 metroren langara eramaten gaituenez, arnasa larri jarri zaigu. Itsasoa ez den itsasoa urdin kolore ilunekoa ageri zaigu, zerua urdin argi eta laino zuriz jantzia, eta inguruko lur idorra, horia eta marroia tartekatuz. Urrunean, ikuspegia itxiz, mendi garai elurtuak. Azkenik, gure mendixkaren oinetan, Copacabana, Titikaka lakuko boliviar hiri nagusia.
Munduko laku nabigagarri garaienaren ertzean, Copacabanak nahasmena sortzen du atzerritarrengan. Baina ez al da Copacabana Rio de Janeiroko hondartza famatu hura? Bai, hala da, Copacabanako amabirjinak fabore bat egin zien Brasilgo kostaldean itotzear zeuden marinel batzuei, eta mirariaren ordainetan, hondar-tza eta inguruari izena aldatu zioten. Copacabana honetan bada hondar-tza ere, baina caipirinha edan beharrean chicha hartzen dute, eta bainujantzia beharrean beroki sendo bat dute soinean, aukeran alpakazkoa.
Adobe eta adreiluzko etxe laukizuzen marroien artean nabarmen ageri da basilika nagusia bere maisutasun zuriarekin. Erromes andana dator bertara, Bolivia, Peru eta baita beste herrialde katoliko batzuetatik amabirjina gurtzera.
Halako asko ikusten dira han eta hemen, baina gure arreta erakarri duena plaza osoa autoz beteta ikustea da, eta ez nolanahi gainera. Ibilgailu guztiak ume baten urtebetetze festarako prest baleude bezala jantzita daude, koloretako girlanda eta txapel distiratsuz apainduak. Igandea da eta autoak bedeinkatzeko eguna omen da. Apaizek, urontzi bana hartuta, autoak zipriztintzen dituzte kontratatua duten istripu aseguruari babes jainkotiarra gehituz.
Portura gerturatu gara, sinesmen katolikoa alde batera utzi eta Inka kulturako mistikan barneratzeko asmoarekin. Arrazionalegia deritzot nire burua halakoetarako, baina zurruntasun hori frogan jartzeko, Titikaka lakuan kokatzen den Isla del solera joatea erabaki dugu. Inka inperioaren garaian, bertan kokatzen zen Inti-ren edo eguzki jainkoaren tenplua.
Itsasoarekin amesten duen itsasontzitik jaitsi eta harrizko eskailera luze batean gora eginez gure hauspoak ederki berotu dira. Eskailera hauek Inken garaikoak direla eta ehunka urte dituztela pentsatuz animatu nahi izan dugu gure burua, baina eskailera malapartatu batzuk dira azken finean. Behin irlaren goialdera iritsita, bere forma luzangan zehar bizkarrezurretik doan galtzadan aurrera egin dugu.
Itzal txikiena ere egin dezakeen zuhaitzen arrastorik gabe, lau mila metroko garaieran zerua laztantzen eta paisaia bare urdin batez inguratuta, eguzkia, dudarik gabe, hemengo jainkoa dugu. Harri pila batek uhartearen punturik garaienean gaudela adierazi digu, eta... Hara! 4.000 metroko mendi bat gehiago gure mendizale curriculumera!
Errepiderik gabeko irla oinez guru-tzatu dugu, munduko lekurik bake-tsuenean gaudenaren sentipenarekin. Lurra, “itsasoa”, zerua, eguzkia eta gu. Garai bateko eraikinen hondakin ugari ikusi ditugu, ehunka urtetan bizitako biztanleek utzitakoak.
Lurra ere urte horietan zehar moldatua izan da gizakiak ustiatu ahal izan dezan, malda guztiak terraza bilakatuz. Ordu ba-tzuen ostean, berriz ere ur ertzera jaitsi gara, uharteko herririk handiena den Challapampara. Istmo batean kokatua, bi badia lasaiz inguratuta dagoen adobezko etxolazko ostatu batean atertu gara.
Don Alfonsok patxadaz hitz egiten du, hemen dena doa patxadaz eta. Bere aimara ama-hizkuntzak gaztelaniaz hitz egiterakoan eragiten dion doinu bereziaz, gustura entzuten dizkiogu bertakoen arrantza eta lurraren errotazio sistema tradizionalen inguruko azalpenak.
Denean dago lurrarekin lotura, denean dago Pachamama. Adobezko sukaldean, zaratak entzuten dira etengabe. Akuriak dira, su baxuaren bueltan hotzari aurre egiten diotenak goxo-goxo, gizakien jaki goxo bilakatu bitartean.
Egonean pasa dugu eguna. Begira, entzuten, hausnarketan. Arrantzaleak sarean katramilatutako arraintxoak biltzen. Gizonak herri batzarrean erabakiak hartzen. Emakumeak oihal koloretsu batekin haurrak bizkarrean lotzen. Itsaso honen erdian, zerutik gertu, harrizko lur idorrean etzanda, sentitzen hasi naiz. Kaixo Inti, kaixo Pachamama.