Kazetaria formakuntzaz, irakaslea ogibidez eta Igartza saria irabazi zuenetik idazle lana ere jorratzen ari da Garazi Kamio. Literatur munduan sartuta, hainbat nobela argitaratu ditu, horietako batzuk haurrei zuzenduta, udazken honetan argitaratuko duen Bikini izeneko eleberria, tarteko. Bertan bullying kasu bat aurkezten du, baina ez biktimaren ikuspegitik, baizik eta biktimaren lagun baten begietatik.
Zer kontatzen digu ‘Bikini’ eleberriak?
Beti esaten da haurrengan jazarpen kasuak daudenean oso kontutan hartu behar direla begira daudenak eta pasiboak direnak. Beti neukan buruan honi buruzko zerbait egitea. Bikinik kontatzen duena da nola ume talde batek lagun bati itsuskeriak egiten dizkion. Protagonista talde horretan dago, badaki gaizki egiten dutela, baina taldearen beharra dauka, taldearen parte sentitu behar da. Ume batek ez dakienean zer egin, momentu horiek islatu nahi nituen.
Istorioa begirale ikuspegi batetik kontatzen duzu, hortaz?
Bai, azken finean, Leire izena duen protagonistak maite duen lagun bat dauka, eta berari egiten diote jazarpena. Berak badaki hori ez dagoela ondo, baina beste alde batetik ez du taldearen olatua galdu nahi. Taldearen parte sentitu nahi du. Orduan, momentu batzuetan berak egiten ditu itsuskeriak, baina badaki ez daudela ondo eginda. Jazartzailearen begirada dauka, baina ez da gai ondo edo txarto dagoen esateko.
‘Bullying’ gaiaren inguruan arreta gehiago jarri izan da azken urteotan, baina oraindik existitzen da. Arazo endemikoa bezala uler daiteke?
Bullyinga existitzen da, baina baita mobbinga ere, adibidez. Azken finean, gizakiak dituen portaerak dira. Arreta jartzen diogu haurren munduari, baina zenbat heldu daude lanean pertsona zehatz baten ondoan eseri nahi ez dutenak, adibidez? Endemikoa da gizarteari dagokionez, portaera desberdinak daudelako. Beti jartzen da fokua haurrengan bullynga dela eta. Erakutsi behar zaie gauza batzuk ez daudela ondo eginda, baina helduoi erakutsi beharko litzaiguken bezala.
Orduan, gai honekin ze lotura dauka izenburuko ‘bikini’ hitzak?
Mediterraneoan ‘bikini’ esaten zaio urdaiazpiko eta gazta sandwichari. Protagonista horrela sentitzen da, sandwich batean bezala, bere bi lagunen artean dagoena. Izenburuan horrekin jokatzen dut; gainera, protagonistari bikini bat oparitzen diote eta hitzarekin jolas egitea da.
Zuk asko jorratu duzu haur literatura, baina zertan bereizten da helduei zuzenduta dagoenarekiko?
Nik haurrekin lan egiten dut eta bizipenak asko sentitzen dituzte. Heldu bihurtzen garenean gauza batzuek ez digute minik ematen edo ez digute horrenbesteko inpakturik sortzen. Fantasiarekin askoz gehiago ere jolas egin dezakezu. Nire kasuan haurrak lanbidearen parte dira; ordu asko bizi ditut beraiekin eta ikusten dituzu zeintzuk diren beraien kezkak, zerk eragiten dien negarra, zerk amorrua, etabar.
Ez dago orduan gatazka bat zentsuratu beharrik haurren kontakizun batean?
Nik sexu abusu bat bere horretan ez nuke idatziko. Muga bat badago. Baina bai iruditzen zait beharrezkoa literatur bat edukitzea, eta, are gehiago, euskaraz, haurren gatazkaz. Gu ez gara itzuliko haur izatera eta gaur egun dauden haurrek ez dute bizitzen guk bizi izan genuena. Nire ustez, literaturan muga batzuk jarri behar dira, baina beharrezkoa da gure literatura aberasteko gai desberdinak lantzea; alegia, min ematen dituzten gaiak edo kezkatzen dituztenak erakutsi behar dira.
Zu literatur sari desberdinak irabazia zara. Sari horiek laguntzarik ematen al dute literatur munduan aurrera egiteko?
Bai, ematen dute. Nik Igartza saria irabazi nuenean 31 urte nituen. Ordura arte nik idazten nuen, baina lotsagatik, edo alferkeriagatik, edo dena delakoagatik ez nuen ezer bidaltzen. Halako batean lagun batek eman zizkidan sariaren oinarriak; lana bidali eta irabazi egin nuen. Niretzat tranpolin eta pizgarri bat izan zen. Diruaz harago parte hartzeak lagundu dezake; gainera, irabazi ez arren, idatzita duzuna argitaletxe batera bidal dezakezu. Sariek bide zuzenetik ez agian, baina zeharkako bidetik lagun dezakete.
Kazetaria zara formakuntzaz, irakaslea ogibidez eta idazlea ere bai. Non kokatzen duzu zure burua?
Ni kazetaria naiz; kazetari bezala lan egiten dut hamabostean behin egunkarian. Irakaslea ere banaiz, hamar urte nominan egon ondoren, izan behar naiz. Baina nik oraindik nire burua idazletzat hartzea, ez dakit. Errespetu handiz ikusten dut hori. Zoritxarrez, oso jende gutxi bizi da literaturatik Euskal Herrian; orduan, beste zerbaitez bizi behar zara. Izan zaitezke kazetaria, izan zaitezke irakaslea eta soberan daukazun denboran idazlea zara.
Noiz argitaratuko da ‘Bikini’ eleberria?
Ondo bidean, udazkenean argitaratuko da. Ez dauka data zehatzik oraindik. Ilustratzailearen lana falta da bakarrik liburua osatzeko, eta sortze bidean daude.