Duela sei urte inguru, Oñatiko zortzi gaztek Xup! antzerki taldea sortu zuten, eta dagoeneko hiru proiektu aurkeztu dituzte: Kontraizanak antzezlana (2019), Beita antzezlana (2021) eta Beita websaila (2023). Azken honen lehenengo atala erakutsi zuten ekainaren 16an Oñatiko Santa Ana antzokian, eta bihar eta uztailaren 2an estreinatuko dituzte websailaren zortzi saioak Gaztea Irratiaren Youtubeko kanalean.

Emakume batek sufritutako bortxaketa abiapuntutzat hartuta, horrek bere inguruan eta lagun-taldean ekarriko dituen gorabeherak, eztabaidak eta ondorioak islatzen saiatu dira oñatiarrak. Izan ere, hainbat lagunen jarrerek eramango dute bortxatu duten emakumearen lagunik onena gertakizuna ikertu eta argitu nahi izatera. Horrez gain, gazteen errealitate, bizipen eta eguneroko kontuak ere erakutsi nahi izan dituzte, Paula Polo Xup! taldeko kideak azaldu duenez. 

Orain dela bi urte aurkeztu zuen taldeak Beita izeneko antzezlana, eta harrera “oso ona” izan zuen. Istorioak, bestalde, gehiago eskatzen zuela iruditu zitzaiela kontatu du Polok, esku artean zuten “materiala gehiago garatu zitekeela”. Hortaz, antzezlana websail bihurtzea erabaki zuten, eta ia bi urteko lanaren ostean jaio da Beita proiektu berria. Istorioa bera da, baina formatu berrituak aukera eman die pertsonaia bakoitzaren bizitza propioa garatzeko. Hala, beste hainbat gaitan ere sakondu dutela azaldu du: jokoarekiko adikzioa, harreman afektiboak, sexua, drogak, heldutasuna, heriotza...

Argazkian, ‘Beita’ websaileko protagonistetako batzuk. Beita

Horretarako, noski, hainbat moldaketa egin behar izan dituzte. Lehenik eta behin, ordubeteko iraupena zuen antzezlana zortzi ataleko websail bihurtu dute, bakoitza hamabost minutukoa. Hortaz, ordu biko iraupena du proiektu berriak. Bestetik, lan-prozesua erabat ezberdina dela ere aipatu du Polok: “Oso desberdinak dira grabatzen hasi aurretik egindako aurreprodukzio-lanak eta entseguak, grabaketa bera, eta osteko eginbide guztiak”. Azkenik, dinamika ere moldatu dute, lan-taldea handitu baitute.

Hau guztia aurrera eraman ahal izateko, crowdfunding kanpaina abiatu zuten 2022ko martxoan, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxearen laguntzaz. Bide horretan, Oñatiko herriak “izugarri” lagundu ziela azaldu du Polok. Horrez gain, proiektuan zehar bestelako diru-laguntzak jaso izan dituzte. Izan ere, bi urteko ibilbide honetan beregain hartu dute prozesu osoa: gidoia idatzi, edizioa, atrezzoa, hedapena...  

Gazteek sortua eta gazteei zuzendua

Arrainak harrapatu ahal izateko, amuan jartzen den jakia da “beita”. Azaldu dutenez, izenburu hori aukeratu zuten zerbait desberdin eta sinbolikoa bilatu nahian: “Erakarri edo engantxatu egiten zaituena da beita”. Polok kontatu du testua ere “oso poetikoa” dela parte batzuetan, horren adibide websailaren promoziorako erabili duten esaldia: “Inoiz ez du isiltasunak horrenbeste zarata egin”.

Proiektu honen bidez hainbat helburu bete nahi izan ditu Xup! taldeak: lehenik eta behin, Euskal Herrian euskal gazte fikzioari dagokionez hutsune bat dagoela uste dute, hortaz, zulo hori betetzea litzateke xedeetako bat. Bestetik, gazteek sortu eta gazteentzat bideratuta dagoen produktua dela azaldu du Polok, adin-tarte jakin batek bizi dituen hainbat problematika kontatzen dituena: “Ikusgarritasuna eman nahi diogu gazteok bizi dugun errealitateari, baina gazteon ikuspuntu eta bizipenetatik egin nahi dugu hori”.

Beti martxan

Orain dela sei bat urte sortu zuten Xup! antzerki taldea. Polok dioenez, taldeko kide batzuk Oñatiko beste konpainia batean zeuden, eta bertako dinamizatzaileak egin zien talde berri bat sortzeko proposamena. Izan ere, “helduagoak” ziren, “nagusiagoak”, eta “beste behar batzuk” zituzten. Beraz, ideia horri eutsi eta gaur egun Maddi Altolagirre, Sara Arregi, Aitor Gomez, Izar Mendiola, Ander Murillo, Malen Perez de Arenaza, Paula Polo eta Danel Teran gazte oñatiarrek osatzen dute taldea, eta herriko Eltzia Kulturgunean egiten dute lan.

Websaileko aktore protagonistak dira aipatutako zortziak, baina Debagoieneko Antzerki Plataformako hainbat lagun ere azaltzen dira Beita websailean. Momentuz biharko estreinaldi egunean eta uztailaren 2an jarri dute fokua, eta horren ostean deskantsu bat hartu beharko dutela aitortu du Polok: “Bi urteko bidaia gorabeheratsua izan da”. Atsedena hartuta, bestalde, beste zerbaiti ekingo diote: “Ez dakit oso ondo zer izango den, bigarren denboraldi bat, proiektu berri bat... auskalo. Baina ez gara geldi egoten diren horietakoak”.