Abesti ezberdinak logika baten inguruan (jatorria, estiloa…) bildumatzea baino hoberik ez dago musikazale batentzat. Beno bai, lagunen bati eskaini edo oparitzea. Baina hau ez da gauza berria, 1867an Minessotan jaiotako Frances Densmore etxe alboko natibo estatubatuarren kantuek erakarrita eta musika irakaslea izanda, urteetan haien soinuak argizarizko zilindroetan bildu zituelako, adibidez. Gerora, arlo akademiko bezala etnomusikologia eratu zen 1950eko hamarkadan. Musikaren antropologiatzat har daiteke, musikaren azterketaren hainbat ikuspegi biltzen dituena, eta bere dimentsio kulturala, soziala, materiala, kognitiboa, biologikoa eta beste testuinguru batzuk nabarmentzen dituena.

Bada, praktika zahar honen ondorioz mikroeszena eta estilo ezezagun asko eman dira aditzera, batez ere bere sudurretatik harago begiratzen ez duen mendebaldeko kulturan. Gainera, biniloaren gorakadarekin, merkaturako oso erakargarriak dira. Japoniako city popa, drumnbassa, Perrea! reggaetoi bilduma aitzindaria… Gertu ere adibide onak ditugu: Hegoa Diskak, Euskal Herriko musika esperimentala biltzen duena; Lotura kolektiboa, elektronikarekin gauza bertsua egiten, edo Vampisoul, Espainiako harribitxiak erreskatatzen dituena. Hala ere, etnomusikologiak bere arerioak izan ditu: jabetza intelektuala, etika edo musikaren identitate errealak arakatzearekin, adibidez.

Adarce Records

Adarce Records suizidio galanta da zigilu moduan. Beno, eta ze zigilu proiektu ez da buru hiltze galanta? Haien helburua estatuan 60ko eta 70eko hamarkadetan egiten zena berreskuratzea da. Hau da, kanpotik zetozen soinuei jarraiki Espainian egin zen musika (instrumentala askotan) eta gehienetan, arreglista, ekoizle eta abeslarien moldaketa edo esperimentuak: soul, disco, groove, rumba, bossanova…70eko Enterprise taldearen bi disko argitaratuz hasi ziren 2017an, Naino: Spanish gipsy soul funk disco 74/84 magikoarekin jarraituz, Moog sintetizagailuari eskainitako bilduma edo Desafinado! gaztelerazko bossanova sorta miresgarriak eskaintzeko. Katalogo osoa da etxerako modukoa eta edizioak, zainduak: insert koloretsua historia, jatorrizko edizioen portada eta kredituekin… gutizia musikala!

Adarce Recordsek argitaratutako zenbait lan.

Adarce Recordsek argitaratutako zenbait lan. Ortzadar

Alan Lomax ‘The spanish recordings: Basque Country: Biscay and Guipuzcoa’ (2004)

Lomax AEBtako etnomusikologo garrantzitsua izan zen, XX. mendeko herri kantuen biltzaile handienetakotzat jotzen dena. Aita ere musikologoa izanda, 22 urte zituenean hasi zen Texas, Louisiana eta Mississippiko presoek edo langile afroamerikarrek abestutako gaiak grabatzen. Blues abeslari askok ospea irabazi zuten hari esker: Muddy Waters, Woody Guthrie... Mundu osoko abesti herrikoi eta soinu paisaiak grabatzen eman zuen bizitza: Errumania, India, Maroko, Errusia... eta noski, gurean ere ibili zen. 1952an ibili zen Jeanette Bellekin batera, The Spanish Recordings disko bilduma eratuko zuten audioak grabatzen. Lomaxen grabazio guztiak dira interesgarriak, baina Bizkaiari eta Gipuzkoari dedikatutakoan, txistuak, kantu herrikoiak edo garaiko soinu giroa entzun ditzakegu. Gainera, Alan Lomaxen fitxategi guztiak era askean kontsulta daitezke The Lomax Digital Archive webgunean. 

Alan Lomaxek Bizkaia eta Gipuzkoari eskainitako diskoa.

Alan Lomaxek Bizkaia eta Gipuzkoari eskainitako diskoa. Ortzadar

Awesome Tapes From Africa

“Awesome!”, horixe bera izan zen Los Angeleseko Brian Shimkovitzek Ghanan Fullbright beka egiten zuen bitartean azoketan saltzen ziren kasete zinten banaketa aurkitu zuenean. Afrikan egun musika mp3an banatzen da mugikorren bitartez, baina kasete formatuak ere osasuntsu dirau, 80ko eta 90eko hamarkadetako artisten argitalpen askorekin. Hasieran, Shimkovitzek blog bat egin zuen, eta aurkitzen zituen zintak bertara igotzen hasi zen (askotan egileen baimenik gabe). Gerora, 2011n musika zigilu komertziala bihurtu zuen, artista horien musika zabaldu eta haien diskoak saldu eta baita biran jotzeko aukera izan zezaten. Estilo paleta zabala da: discoa, funka, jazza, rapa… baina noski, perspektiba ezberdin batetik: polirritmia asko, sintetizagailu eta erritmo kutxa basikoak… Eta hizkuntza aberastasuna! Ingelesa eta frantsesa noski (ze erremedio), baina baita oromoera, amharera, tigrinyera… Nonbaitetik hasteko, Brianek egiten dituen DJ saioren bat entzun, edo nire gomendioa: Ata Kak, Ghanako lehen raplaria. 

‘The Roots of Chicha-Psychedelic Cumbias from Peru’ (2007)

Oliver Conan musikari frantziarrak Barbès dantza aretoa kudeatzen zuen Brooklynen, eta Perura egindako bidaia batean, chicha musika ezagutu zuen. 2007an 1960ko eta 70eko hamarkadatako cumbia eta chicha bilduma argitaratu zuen, Barbès deitu zuen bere zigilupean. Gerora, bere taldea eratu zuen: Chicha Libre. Roots of Chicha diskoak arrakasta handia izan zuen, eta New York, Mexico edo Buenos Aireseko diasporan estilo latindarrak zabaltzeko erabakigarria izan zen. Izan ere, diskoan tropikalismoa psikodelia, esperimentazio eta melodia andinoekin uztartzen da era ezin hobean. Hala ere, lana jabetze kulturalagatik ere kritikatua izan zen. Chicharen jatorria Kolonbiako migraziotik heldu omen zen Perura, barne kolonialismotik ihesi, diskoaren jatorri apolitiko eta exotikotik aldenduta. Los Hijos del Sol Taldearen Cariño ere hemen eman zen ezagutzera!

‘The Roots of Chicha-Psychedelic Cumbias from Peru’ diskoaren azala.

‘The Roots of Chicha-Psychedelic Cumbias from Peru’ diskoaren azala. Ortzadar