Entzuteko liburu sorta

Soinu ingurunea aintzat hartu eta musikaren mugak gainditzeko irakurketa proposamenak dakartzagu asteon Soinutopian

02.05.2022 | 17:05
'Ruidos', 'Tratado de objetos musicales', 'Uhin' eta 'Cómo funciona la música' liburuak.

Aspaldi nabarmendu dugu mundu bisual honetan zelako garrantzia duen soinuak. Ez gaude hezita soinu ingurumenari erreparatzeko, eta bertan informazio, kultura eta esperientzia ugari galdu ditzakegu. Txikitatik gehienak koloreak identifikatzeko gai gara, baina soinuei dagokienez burmuina ez dugu hain trebaturik. Soinu memoriak usaimenak edo argazki batek bezain potentzia handia duela ere frogatuta dago. Musikak eta musikatik haragoko soinuek sentimendu, hausnarketa edo gogapen kitzikagarriak sortu ditzakete. Horregatik aipatzen dugu beti musikari eta musikazaleontzat entzuteak duen garrantzia. Taldean jo, DJ saio bat egin edo musika epaitu aurretik, entzute aktiboa landu. Musikatik at ere lagundu dakiguke ariketa honek, entzuteak, zentzu zabalenean ulertuta, enpatia dakarrelako ondotik.

Finean, ahobero joera du gizarteak, etengabe txio edo iruzkinen bidez posizionatzeko beharraz. Bada, egin dezagun entzute ariketa kolektiboa, ea gure zarata propioa isilduta gainerakoengandik zerbait ikasi dezakegun. Zenbat soinu esperientzia galtzen dugun bidean, askotan nagiak edo bizitzako abiadurak jota. Gure topaleku xumea den Soinutopiatik maite dugu musikarekin erlazioa duena partekatzea, eta gaurkoan ere liburu sorta bildu dugu soinuak gure bizitzan merezi duen begirunea aldarrikatzeko nahian. Soinu eta musika ikerketei buruzko lau argitalpen esanguratsu dakartzagu, baina beste asko daude, noski. Adibidez, Mark Fisher teorikoaren idazkiak (batez ere K-Punk vol. 2: música y política) edo Jon Cage aitzindariaren 'Silencio' ere gomendagarriak dira soinua eta gizartearen arteko erlazioak ulertzeko.

'Ruidos'. Jacques Atalli (1977)

Titulu osotzat 'Ruidos. Ensayo sobre la economía política de la música' duen hau benetan liburu liluragarria da, errealitate berri bat deskubritzekoa. Jacques Atalli ekonomista frantsesak 1977an argitaratutakoa, soinu teoria eta ikerketen oinarrizko irakurketa da. Bertan, Atallik pertsonak beren sormen musikaletik alienatuta daudela adierazten du, musikaren ekoizpen mekanikoaren erosotasunagatik. Musika produkzio ereduei lotuta egotearen ondorio zuzena da. Hau da, Atallik musika eta bere inguru soziopolitiko eta ekonomikoarekin duen erlazioa aztertzen du, musikak lau aro ezberdin igaro dituela ondorioztatuz: sakrifizioa, errepresentazioa, errepikapena, eta konposizioa. Aro bakoitzak bere produkzio eta kontsumo mota ezberdinak azalduta, musikaren izaera subertsiboa eta esanahi askatzailea aldarrikatzen ditu.

'Tratado de objetos musicales'. Pierre Schaeffer (1966)

Zer da musika? Artea edo zientzia? Zeintzuk dira bere lehengaiak? Soinu fisikoa edo lengoaia? Zeri deitu diezaiokegu musika? Zergatik? Zeintzuk dira bere mugak? Pierre Schaeffer musikariak auzi hauen eta beste batzuen inguruan egiten du hausnarketa, zenbaitentzat astuna izan daitekeen lanean. Bertan, natura eta gizakion ezagueraren ondoriotzat hartzen du musika bien arteko erlazioa aintzat hartuta. Ikuspegia ondoz ondo historikoa, linguistikoa, fisikoa, filosofikoa, metodologikoa, biologikoa eta musikala da. Beraz, musika eta bere elementuak osotasunean aztertzen ditu. Soinu-pertzepzioaren lege orokorren eta musika objektuaren ezaugarri eta balioen berri ematen saiatzen da, hori delakoan adierazpen artikulazio ororen oinarrizko unitatea. Gainera, Schaeffer "musika konkretuaren" aita da. Hau da, musika "mundu errealeko" soinuekin egitea, grabazioekin. Gaur egun sampleotzat ulertzen dugunaren aitzindaria.

'Uhin'. Aldizkaria (2018)

Arrisku handiko apustua egin zuten Antton Iturbe kazetari eta musikazaleak (DJ Beirut) eta Yeray Portillo, aka Radithor-ek (Eclectic Reactions zigiluko kidea) 2018an musika esperimental eta soinuaren inguruko aldizkari fisikoa argitaratzea erabakitzean. Ez da erraza sareko informazio iragankor eta azkarraren garaian horrelako publikazio bat erakargarri egitea, baina lortu dute. Eduki arin eta denborazkoak saihestuz, erreportaje sendo, elkarrizketa luze eta bestelako hausnarketei ematen die lekua aldizkariak, diseinu soil eta argiarekin. Gainera, arteak, filosofiak zein poesiak ere lekua dute, betiere erredaktoreen iragazki fina gaindituta. Nando Dixkontrol bezalako maisuei elkarrizketak, kontzertu eta jardunaldi kronikak, artisten diskografiei buruzko monografikoak eta baita musika elektronikoan aritzeko zenbait material didaktiko. Oraintsu azken alea argitaratu dute, bosgarrena. Musikaren mugak interesatzen bazaizkizu, ezin duzu galdu.

'Cómo funciona la música'. David Byrne (2014)

David Byrne artista miresgarria da. Talking Heads taldean hasi zen, bideoklipak zuzentzen jarraitzeko, eta Todo Mundo bere diskoetxe propioa eratzeko, jotzeari utzi gabe, noski. Gerora, bidean ikasitako guztiak 'Cómo funciona la música' liburu entziklopediko honetan bildu zituen. Autobiografiatik hurbil, sorkuntzari, eszenen eratzeari edo grabaketari eskainitako atalak ditu, argazki, apunte eta grafiko koloretsuz lagunduta. Guztia era didaktiko eta entretenigarrian azalduta. Ikasteaz gain, gozatzen den liburu bat da, eta azken finean teknologiak eta industriak musika entzuteko eta egiteko eran duen eragina aztertzen du. Byrnek egiten duen guztiak benetan merezi du, azken erakusgaia Spike Leek zuzendutako 'American Utopia' bere antzerki kontzertuari buruzko dokumentala da.

noticias de noticiasdealava