Leire Berasaluze Gerrikagoitiak, Leire 'Letu' bezala ezagunagoa, 'Lain' taldean hasi zuen bere ibilbidea musikan. Taldea 2016. urtean banatu arren, ordutik, musikan jarraitu du Leirek. Iker Laurobarekin abesten du 2013tik, Enrike Solinis & Euskal Barrokensemble taldearekin 2014tik eta azken urteetan Joseba Tapiaren proiektuan aritu da.
Leire Leturen kultur gomendioak:
Abesti bat: Daughter taldearen 'Youth' abestia. Ahotsa, gitarra eta estribilloan apisonadora bat bezala sartzen den bateria. Hitzek leku askotara eraman zaitzakete.
Musika talde bat: Kerobia. Beti nire alboan eraman dudan taldea da.
Liburu bat: Julia Navarroren 'Dime quién soy'. Bigarren mundu gerran zentratzen den emakume indartsu baten bizitza gogorra lantzen du.
Antzezlan bat: 'Elisa y Marcela'. Espainian dokumentaturiko lehen bi lesbianen arteko ezkontzan zentratzen da 1901ean. Izugarria da bai istorioa bera eta baita A Panadaría konpainiaren lana.
Telesail bat: 'Paquita Salas'. Dibertigarria bezain gordina eta gozoa aldi berean.
Kultur espazio bat: Laba sarea Iruñean. Oraintxe sorturiko espazioa bada ere, zer esan handia emango du. Bestalde, Iturriotzeko San Juan jaietako erromeria. Ez duzue inoiz hori baino ezer benetakoagorik aurkituko Euskal Herri osoan (gorde ekainak 24ko data!).