Nondik datorren ondo gogoan izanda, Euskal Herritik at ezagututakoa etxekoa bezain beste maite duela aitortu du Adriana Bilbao flamenko dantzariak. Kanpora joandakoan bizitakoa eta sentitutakoa kontuan hartuta, eta sustraiei uko egin gabe ondu du Burdina ikuskizuna.Burdina Beñat Achiary musikariarekin batera prestatu du pieza, eta Euskal Herriko meatzarien historia berreskuratzea du helburu. Horretarako, Andaluziatik heldutako familia baten ahotsa baliatu du Bilbaok.
Noiz eta nola jaio zen 'Burdina'?
- Nik gogoa nuen ni naizena eta kanpoan igaro ditudan urte guztiak lotzen zituen proiektu bat gauzatzeko. Hamazazpi urterekin alde egin nuen Euskal Herritik eta hamabost urte eman ditut Malagan, Sevillan edota Madrilen. Gogotsu nengoen hain nire sentitzen ditudan bi mundu horiek lotzeko. Apurka kontaktuak egiten eta proiektua gorpuzten hasi ginen, flamenkoa eta euskal kultura batzen zituen dantza eta musika ikuskizuna sortzeko. Erakustaldi artistikoaz gain, Burdina-k helburu du migrazioaren eta ondare industrialaren bueltan kontzientzia sortzea. BurdinaBizkaiko Ezkerraldean Andaluziatik etorritako jende asko dago, eta hortik abiatuta ikertzen hasi ginen. Migratzaile horien senideak elkarrizketatu genituen, eta hainbat testigantza bildu. Istorio horiek aletuz hasi ginen gidoia osatzen eta forma ematen.
Migrazioa da ikuskizunaren ardatz eta oinarrietako bat, jende askoren errealitatea islatzen du?
- Egia esan emanaldiak gai asko jorratzen ditu, arrazoi ezberdinak direla medio pertsona askori bizitzea egokitu zaion egoerak erakutsiz. Ni neu luzaroan egon naiz sorterritik kanpo eta familiaren, lagunen eta etxeko goxotasunaren falta sumatu dut. Oso emanaldi hunkigarria da. Tragedia ageri da, senitartekoen heriotza, herrimina, kulturen arteko talka... 70 minutuan mintzagai asko dira, baina nik uste emaitzak emozio asko pizten dituela.
Istorioa tragedia bat dela esan daiteke?
- Andaluziako familia baten istorioa kontatzen da; kasu honetan, Bizkaiko meategietan lan egitera immigratzen duen familia baten istorioa. Tragedia bat badago, heriotza bat. Baina, horrekin batera, gauza gehiago ere badaude. Emakumearen papera ere jorratzen da; izan ere, bigarren mailan utzita dago emakumeen lana, bazterrean geratu dira haien ahotsak. Eta, errealitatea da beraiek ere lan handia egin zutela eta ekarpen handia egiten ziotela familiaren ekonomiari. Askotan, beraien gizonak meategietan hiltzen zirenean, aurrera jarraitu eta lana euren gain hartu beste aukerarik ez zuten izaten. Orokorrean, esan daiteke Burdina ikuskizuna drama bat dela, baina baditu une lasaiago batzuk ere. Adibidez, lan osteko taberna giroa ere erakusten da, hein batean ere obrak berak arnasa har dezan.
Historia kontatzeko saiakera horretan, asmo pedagogikoa ere badago?
- Nire asmoa beti izaten da ikuskizuna bestelako lan lerro batzuekin uztartzea. Emanaldi artistikoaz gain, kontatzeko zerbait edukitzea eta pisuzko arrazoi bat izatea istorio hori taularatzeko. Kasu honetan, ezinbestekoa iruditzen zait dantzaren bidez askorentzat ezezaguna izan daitekeen historiaren atal hau kontatzea. Industriaren eta ondare ekonomikoaren jatorria hortik dator, eta uste dut iraganaren zati hori jendeari helaraztea garrantzitsua dela.
Zer nolako prozesua izan da historia hori mugimendu bihurtzea?
- Nik berezkoa dudana flamenko tradizionala da. Ohituta nago 'tablao'-ra igo eta inprobisatzera, musikoekin komunikatu eta beste barik inprobisatu egiten dut. Nirea flamenko klasiko tradizionala da, eta Beñatekin lanean hasi nintzenean deseroso sentitzen nintzen, iruditzen zitzaidalako nire mugimenduak ez zihoazela bere ahotsarekin bat. Hori gertatzen zitzaidan nire burua mugatzen nuelako, ez nintzen aske mugitzen. Egun batean erabaki nuen askatzea, gorputzak eskatzen zidana egitea, gehiago pentsatu gabe. Aurretik beldurra nion ez zegokidan muga bat gainditzeari, nire esparrutik kanpo aritzeagatik. Baina azken finean dena da mugimendua eta erabaki nuen estilo konkretu baten pentsatzeari uztea eta beste barik mugitzen hastea. Orduantxe hasi nintzen eroso sentitzen. Hortik aurrera uztarketa bat izan zen, Beñaten ahotsaren, mugimendu berri horien eta flamenko tradizionalaren arteko elkarketa bat.
Baliteke orokorrean uste izatea dantza emanaldi bat ez dela ulertuko?
- Dantza mugimendua da, eta mugimendua nazioarte hizkuntza eta lengoaia da. Kontua da mugimendu bakoitza ondo neurtu behar dela, eta transmititu nahi duzun ideiaren arabera moldatu. Oreka bat egon behar da dantzari bezala zure espresio artistikoa egitearen eta transmititu nahi duzun ideia helaraztearen artean. Egia esan urteak ematen dituzu teknika bat ikasten, gero teknika hori ahazteko. Dantzan, teknika ikasten duzu, gero ahaztu eta dantzatzen hasteko.
Burdina iaz estreinatu zenuen, zein erantzun izan du publikoaren artean?
- Jendeak orokorrean gustuz hartu du elementuen konbinaketa. Harri zulatzaileen irudia, adibidez, oso indartsua da. Emaitza nahiko ezohikoa eta txundigarria da. Askok esan didate uste zutela ez zitzaiela flamenkoa gustatzen, eta Burdina ikusi ostean beste flamenko emanaldi batzuetara joango direla. Egia da ez dela flamenko emanaldi zurrun bat, baina nolabait flamenkoaren munduan murgiltzeko abiapuntua izan daiteke. Batzuek esan digute hizkuntzarekin zailtasunak izan dituztela, eta ez zutela guztiz ondo ulertzen, baina hori da egin diguten kritika bakarra.
Orain beste obra bat ere baduzu esku artean.
- Bai, Eclat. Maiatzean estreinatu behar zen, baina azkenean abenduan izango da. Emanaldi horrek moda du oinarri, emakumezkoen janzkeraren bilakaera kontatzen du, XIX. mende bukaeratik hasita. Bertan, janzkerak norberaren izaeran duen eraginaz hitz egiten da. Barakaldon estreinatuko da, baina aurre-estreinaldia Tolosan izango da, azaroan.