Urtebete pasatxo igaro da Xabi Bandinik Begibakar-ekin bakarkako abentura hasi zuenetik. Disko hartako intimitatea energia eta dantza bihurtu ditu orain BIBA! bere lan berrian. Alberto Isaba eta Lur Larraza lagun dituela, “izerditzeko kontzertuetara” itzultzea izan da Bandiniren asmoa, eta 90eko hamarkadako sintetizadoreetara jo du horretarako. Hala ere, Kerobia ezagutu zuten horiek “urteetan lotu gintuzten kantak” aurkituko dituztela aitortu du musikariak, “melodia eta letra aldetik”.
‘BIBA!’. Ospakizuna al da diskoa?
Gogo handia nuen disko hau sortzeko, energia behar nuen, izerdi-patsetan bukatzeko kontzertuetara itzuli? Egia esan, ez ditugu inoiz utzi, baina gehiagoren bila nenbilen. Halako sentsazioetan pentsatzen ari nintzela, biba hitza etorri zitzaidan burura, eta horrekin geratu nintzen. Biba!
‘Begibakar’-en intimismotik, elektro-pop doinu dantzagarrietara.
Aurrekoa nire etxean grabatutako diskoa izan zen, eta horrek bazuen bere xarma, Xabi Bandinik bakarlari gisa egindako lehen lana bai-tzen. Gitarra eta ahotsa ziren protagonista nagusiak, gailu elektronikoen laguntza txikiarekin. Oraingo honetan baliabide gehiago bideratu ditugu diskora. 80ko eta 90eko hamarkadetako sintetizadoreetara eramango gaituzte abesti batzuk, eta Pello Reparaz ekoizlearen eragina ere igarriko da zenbat kantetan, Londresetik ekarri duen puntu anglosaxoi horrekin. Bestalde, badaude guretzat oso kanta klasikoak direnak ere, Zalantza eta egia kasu, Supernova diskoan arazorik gabe agertu daitekeena. Kerobia desagertu izan ez balitz, esango nuke BIBA! diskoa egitera helduko zatekeela bere ibilbide naturalean.
Pluralean hitz egiten duzu.
Disko honetan ez nator bakarrik, bandarekin baizik. BIBA!-ren sorkuntza prozesuan Alberto Isabaren laguntza izan dut, eta zuzenekoetan ere ondoan izango dut, Lur Larrazarekin batera. Xabi Bandini markapean, beraz, baina talde gisa. Egia esan, ez naiz “Bandinizentrismoan” oso eroso sentitzen. Nire musikari ibilbidean zehar nahikoa esplotatu ditut nire egoak eta bertuteak, eta talde lana bilatzen dut beti. Bizitza honetan saretuta aritzeak ematen dio zentzua egiten duzun lanari; bakarrik egiteak satisfakzioa sor dezake norberarengan, baina elkarlanean egiteak, bikoitza.
Abestien letrek salaketa eta aldarrikapen mezuak dakartzate.
Kerobia eta Xabi Bandini ezagutzen duen edonork badaki kantuetan nire unibertsoko pertsonaiei buruz hitz egiten dudala, gauza introspektiboen inguruan, gehienetan. Kasu honetan, inguratzen gaituzten eta erabat jokoz kanpo uzten nauten munduko imajinak ekarri nahi izan ditut erdigunera. Nola da posible Mediterraneoan hainbat pertsona itota hiltzea? Nola da posible Europan Siriako errefuxiatuekin gertatzen ari dena? Eta gainera, sinestaraztea gatazka hau azken-aurrekoaren eta azkenaren arteko borroka dela, eta ez pertsona arrunten eta eliteen arteko talka bat. Heriotza horiek gertaera arruntak direla sinetsarazi digute, eta guk onartu egin dugu. Izugarria da. Izorratzen nauten gaiak dira, eta horiek aldarrikatzeko modu bat da diskoa.
Maitasuna eta esperantzarekin.
Hori da. Ez dut sinesten erabat ezkorrak edo traumatikoak diren letretan. Diskoko abestiak aldarrikapen kantu gisa ulertu daitezke, baina ez haserretik eta erasotik idatziak, baizik eta niretzat mundu hobea lortzeko funtsezkoak diren maitasunetik eta itxaropenetik. Disko honetan sei istorio kontatu ditut, heriotzaz, despedidaz, errespetuaz eta esperantzaz jantziak. Azken finean, zera esan nahi izan dut: guztiok gara biktima eta borrero, eta kasu askotan, aldi berean.
Sortzaile gisa, zein da zure helburua?
Sortzaileok edo musikariok misio bakarra dugu: zerbait ederra eskaintzea. Txikia bada ere, zure barruan duzun gauza eder hori eman. Gerora, jendeak ikusiko du hartzen duen edo ez, une egokia den horretarako edo ez. Horregatik, asko harritzen naute sufrimendutik, bakardadetik eta mundu ilunetik eskaintzen diren zenbait sorkuntza musikalek. Bizitza ez da dikotomikoa, baina hobeto ulertzen da gauzak diren moduan aurkezten ditugunean: ez dago maitasunik beldurrik gabe, noski, baina beldurra bakarrik aurkezteak ez du inongo zentzurik. Nik maitasuna, sufrimendua eta pasioari buruz hitz egin dezaket kantuetan, baina gordintasunarekin batera, esperantzarako bidea irekiko dut beti.
Zer moduz konpondu zara Pello Reparazen ekoizpenarekin?
Pello da azken garai hauetan gehien eragin didan musikarietako bat, eta bere ekoizpena asko igartzen da diskoan, soinuen tratamenduan batez ere. Berak galdetzen zidan: “Zer egin nahi duzu kanta honetako zati honetan, Xabi? Ibili?”. Eta buruan nituen imajinak soinu bihurtzen zituen Pellok. Izan genuen lehen solasaldiaz ere oroitzen naiz. Esan nion: “Zuk ezagutza anglosaxoia duzu, emaidazu gakoren bat?”. Eta trikimailu batzuk eman zizkidan. Horien gainean sortu ditut abestiak. Grabazioak eta nahasketak Paxkal Etxeparerekin egin ditugu, eta oso gustura gaude azken emaitzarekin.
Bada diskotik bereziki gogoko duzun abestirik?
Bizipiztiak kantua egokia iruditu zitzaigun aurkezpen gisa: zuzena, energikoa eta dan-tzagarria. Baina, ezin ukatu: maiteminduta nago Zalantza eta egia abestiarekin. Kerobia zenetik hurbilen dagoena, akaso, baina oraindik ere, entzuten dudan bakoitzean, hunkitu egiten nau kantuak. Pajaro-rekin ere an-tzeko zerbait gertatzen zait.
Zuzenekoekin ari zarete dagoeneko.
Bai, eta asko gozatzen ari gara. Oso interesgarria iruditzen zait sortu dugun “set-list”-a: lan berria forma eta instrumentazio berriekin, eta lan zaharrak forma berriekin ere bai. Alegia, Izan ere, Esnatu naiz edota Itsasoa kantuak formatu berrian aurkezten ditugu, eta izugarria iruditzen zait hartu duten dimentsioa. Hamar urte baino gehiago dira Kerobiaren lehen diskoko Belarrira esan abestia jotzen ez genuela, eta bira honetan kantua berreskuratu dugu.
Kerobia itzuliko al da noizbait?
Nik ez dut ateak ixtea gogoko, baina aurrera begira gaude orain. Kerobiak sortu zuen komunitate hori oso kontuan dugu, eta zuzenekoetara ekarri ditugun abesti asko horiek proposatutakoak izan dira, baina ez dugu ku-tsu nostalgikoarekin egiten. Kutxan zeuden abestiak hartu, desegin, forma berria eman eta jendaurrean aurkezten ditugu. Gure lan berria erakutsi nahi dugu, eta hazi, lekuz mugitu, aurrera, ezkerrera... baina mugitu.
Taula gainean garai haietako elektrizitate bera mantentzen duzu.
Taula gainean rol bat du Xabi Bandinik, an-tzezpen bat. Baina, argi, horrek ez du esan nahi antzezten duena gezurra denik. Nire kasuan, lasai esan dezaket egiazkoa dela. Egiten dudan horretan sinesten dut, eta aurrean ditudanak errespetatzen ditut. Ez dut publikoaren epaiketen beldurrik, benetan uste baitut ez direla horretara etorri. Ni ere ez naiz epaitua izateko taularatu, sortu dudan gauza eder hori eskaintzeko baizik. Horregatik, Xabi Bandini ezizenez aurkeztea garrantzitsua da niretzako, izen horren atzean dagoelako eszenatokietan egiten dudan lana.Niri buruz hitz egitea baino, nahiago dut nire lanari buruz hitz egin dezatela.
Harritu egin gaituzte azaleko eta disko barruko irudiek.
Iratxe Reparaz arte zuzendaria arduratu da BIBA!-ren iruditeriaz. Guk bi kontzeptu islatu nahi izan ditugu: batetik, Xabi Bandini markapean bada ere, talde bat garela; eta bestetik, pertsona arruntak garela. Epika kendu nahi izan diegu gauzei, eta maitasuna eta hurbiltasunaren etiketak jantzi. Bi ideia horiek hartuta, beste guztia Iratxeren lana izan da, Mdraft Studios eta Bastianen laguntzarekin.