Tamalez, oraindik ere urria da euskarazko zine ekoizpena, nahiz eta azken urteetan geroz eta gehiago diren euskaraz goza ditzakegun pelikulak. Errealitate horren aurrean, euskal hiztunok, gehienetan, atzerrian ekoitzitako pelikulak gaztelaniara edo ingelesera bikoiztuta ikusteko joera dugu. Bertsio orijinalean kontsumitzen ditugunean ere, gehienetan gaztelaniazko azpitituluekin jarraitzen ditugu. Baina, zergatik ez euskaraz?
Sarean bada filmak eta telesailak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera ematen duen atari bat, urte berriarekin eraberrituta datorrena, gainera. Azpitituluak.eus webguneaz ari gara. Luistxo Fernandezen eskutik sortu zen proiektua, 2008an. Zaletasunak bultzatuta ekin zion proiektuari Fernandezek. Honela azaltzen zuen orduan: “Nik filmak azpitituluekin ikusten nituen, maiz erdarazko azpitituluekin. Fororen batean euskarazko azpitituluak aurkitu nituen, eta horiek egiten ikastea erabaki nuen. Testu gutxi zuen pelikula bat aukeratu nuen eta ikusi nuen itzulpena erraza zela. Horren ondoren beste bat, eta beste bat...”, zioen atariaren sustatzaileak egitasmoaren hastapenetan. Azkenean, hamar urtean, mila lan ingururen azpitituluak bildu eta sareratzea lortu zuen.
Baina, duela urtebete, Fernandezek gelditzea erabaki zuen eta webgunea impasse batean geratu zen denbora batez. Azkenean, baina, jarraipena eman diote. Proiektuaren sortzaileak azaldu duenez, iazko udaberrian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzetara aurkeztu zuten proiektua. 3.270 euroko laguntza jaso zuten, webgunea berritu eta hainbat eduki berri gehitzeko. Urte berriarekin batera, Eibarko CodeSyntax enpresak hartu du webgunearen ardura, ataria berritu eta edukiz hornitzen jarraitzeko konpromisoarekin. Halaber, azpitituluak.com izan dena, azpitituluak.eus bihurtu da orain. Dena den, webgune zaharreko loturek automatikoki webgune berrira zuzentzen dute erabiltzailea.
EDUKI BERRIAK
Arduradunek iragarri dutenez, ataria berritzearekin batera, eduki berriak gehituko dituzte datozen asteetan: gutxienez, 100 filmen azpititulu berri eta telesail ezberdinen beste 50 atal gehituko dituzte. Berrikuntzen artean aipagarrienak, HBOren Game of Thrones telesailaren azken denboraldi emititua -euskal kostaldean grabatua-, Mr. Robot-en hirugarrena eta Billions eta Babylon Berlin telesailen lehen bi denboraldiak daude. Nazioartean arrakasta izan duten telesail askoren atalak euskaraz azpidatzita daude dagoeneko. Azpitituluak.eus-en eskura daitezke, besteak beste, Twin Peaks, True Detective, Mad Men, House of Cards, Orange is the New Black, Silicon Valley eta The Blacklist telesailetako zenbait denboralditako azpitituluak.
Zineak ere badu bere lekua. Adibidez, hainbat pelikula esanguratsuren euskarazko azpitituluak aurki ditzakegu atari berrituan. Star Wars-en pelikula guztiak eskuragarri daude, eta baita Acopalypse Now, The Wolf of the Wall Street, The GodFather eta Citizen Kane ere. Zinemaren historiako klasiko handiekin batera, lan apalagoak ere badaude katalogoan. Berrikuntzen artean, 22 filmen fitxak eta azpitituluak kargatu dira webgune berrituan: Toni Erdmann komedia alemaniarra, Fences drama eta Italiako zientzia fikzioaren klasiko bihurtu den La Decima Vittima, besteak beste.
BOLUNTARIOEN EKARPENAK
Egitasmo honen atzean ezinbestekoa da erabiltzaile eta boluntarioen figura. Izan ere, erabiltzaileak dira filmak eta telesailak azpititulatzen dituztenak eta euren ekarpenei esker fun-tzionatzen du webguneak, gordailu moduan. Hori ez da aldatu etapa berrian, eta orain ere boluntarioen ekarpenetara irekita jarraitzen du atariak. Hala, erabiltzaile izen batekin erregistratuz gero, azpida-tziak eta filmak kargatu ditzake nahi duen orok, baita webguneko albisteen atalean parte hartu ere. Arduradunek diotenez, webgunea ez da berez lan kolektiboa, “erabiltzaile bakoitzak bere kasa egiten dituen lanen bilduma” baizik.
Erabiltzaileari begira, sinplea eta erraza da atariaren funtzionamendua. Ordenagailuaz baliatuta, ikusi nahi dugun film edo telesailaren artxiboa erreprodukzio programarekin ireki eta azpitituluen fitxategia erabiltzea besterik ez dago. Fitxategiak webgunetik ordenagailura kopiatu daitezke.
Zalantzarik gabe, euskal hiztunok gure hizkuntzan zineaz eta telesailez gozatzeko tresna paregabea dugu azpitituluak.eus. Are gehiago: euskarara gerturatzeko eta euskaraz ikasteko erreminta bikaina ere izan daiteke askorentzat. Izan ere, filmen euskarazko azpitituluak irakurtzea hizkuntza ikasteko modu erakargarria da. Hori gutxi balitz, guztion-tzat tresna ezin hobea izan daiteke filmaren jatorrizko hizkuntza ikasteko. Hain zuzen ere, datuek erakusten dute azpitituluen erabilera oso zabalduta dagoen herrialdeetan ingelesaren ezagutza handiagoa dela, azpitituluak gutxiago erabiltzen direnekin alderatuta.